naiz

Hamabost hildako gehiago Euskal Herrian, horietatik bederatzi Gasteizen; guztira 38 dira

Koronabirusaren hedapenak ez du etenik izan azken orduetan. Atzo baino 15 pertsona gehiago hil dira Euskal Herrian, horietatik 9 Gasteizen; guztira 38 pertsona zendu dira eta 1.007 lagun daude kutsatuta.

Ikerlari bat laborategian. (Getty IMAGES)
Ikerlari bat laborategian. (Getty IMAGES)

Lakuako eta Nafarroako gobernuen azken eguneraketaren arabera, 15 pertsona gehiago hil dira koronabirusaren hedapena hasi zenetik Euskal Herrian, horietatik 9 Gasteizen; beste bost Bizkaian eta Gipuzkoan eta azkena Nafarroan. Orotara, 444 pertsona daude kutsatuta Araban, atzo baino 35 gehiago; 194 Bizkaian, 36 gehiago; 89 Gipuzkoan, 26 gehiago; eta 274 Nafarroan, 40 gehiago; eta Ipar Euskal Herrian, sei lagunek daukate gaitza.

Guztira, 1.007 pertsona daude kutsatuta Euskal Herrian, eta 38 hil dira Covid-19 gaitzarekin. Nafarroako eta EAEko bozeramaileek esan dute, bestalde, hildako gehienak adindunak eta bestelako patologiadunak izan direla.

Gipuzkoan, 28 gaixo daude ingresatuta; Bizkaian 90; Araban 191, Nafarroan 62. Osasun krisia hasi zenetik 2.770 proba egin dira EAEn, eta %74ren emaitza negatiboa izan da.

Nafarroan

Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak adierazi du koronabirus epidemiaren egoera 1. agertokian mantentzen dela, hiru egoeretatik baxuena, eta sare publikoak bere baliabideekin erantzuten dituela horren inguruko beharrak. Egoera honetan, Nafarroako osasun sare pribatuko baliabideak ere erabiliko lirateke.

Gainera, herrialdeko osasun-agintariek adierazi dute arnasketa-gaitz arina duten pertsonei koronabirusaren testa egiteari utziko zaiola, eta pertsona horiek «kasu posible» gisa hartuko direla.

Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuen bertan behera utzi duela herritarrentzako aurrez aurreko osasun arreta, eta telematikoki eta telefonoz baizik ez du erantzungo, alarma egoera dela eta. Osakidetzak ere erabaki berbera hartu zuen, salbuespen batzuekin.

Osasun zentroei dagokienez, Santos Indurain Osasun sailburuak adierazi du egindako hitzorduak birprogramatzen ari direla, nahiz eta arreta atzeraezina behar duten pertsonei lehentasuna ematen zaien.