Javier Tebasek astelehenean egindako iragarpenak hautsak harrotu zituen. Osasun Publikoak Coronabirusaren testen urritasunari ekiten dion bitartean, LFPko presidenteak, futbol profesionaleko 42 taldeei, euren jokalariei proba egiteko materiala bidaliko ziela adierazi zuen.
Bi euskal talde, gutxienez, ez dute erabiliko. NAIZek jakin ahal izan duenez, Eibarrek herenegun jaso zituen LFPk bidalitako testak, gel garbitzaileak, eskularruak etabarreko produktuak eta berehala Osakidetzari ematea erabaki zuen. Aurreko astean are, Ligako proposamenta ezagutu aurretik, azaldu zuten talde armaginetik ez zutela euren jokalariei testak egiteko asmorik, arriskuko biztanleria ez izateaz gain, inork ez duelako momentuz sintoma susmagarririk agertu.
LFPk bidalitako materiala ez erabiltzea erabaki du Osasunak ere. «El Chiringuito» saioan Fran Canal Zuzendari orokorrak azaldu zuenez, Ligaren «detailea eskertzen» dute gorritxoek. Baina «apaltasunez eta zuhurtziaz erabaki hau hartu dugu. Osasunaren parte garen guztiok herritar arruntak gara eta ez dugu inolako pribilegiorik euki behar. Testak beharra duten pertsonekin, sintomak dituztenekin edo arriskuko biztanleriarekin erabili behar direla uste dugu».