NAIZ

«Bizitzak erdigunean» jartzeko unea dela gogorarazi die Eskubide Sozialen Kartak erakundeei

Koronabirusak eragindako krisialdi ekonomiko eta sozialaren aurrean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak «bizitzak erdigunean» jartzeko eskaria egin die erakundeei. Langile klaseari eta gehiengo sozialari laguntzeko neurriak har daitezela eskatu dute.

Urtarrilean prekarietatea salatuz Kartak egindako mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Urtarrilean prekarietatea salatuz Kartak egindako mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Koronabirusak eragindak krisialdiari aurre egiteko «bizitzak erdigunean jarri» eta langile klasearen eta gehiengo sozialaren aldeko neurriak hartu ditzatela eskatu die Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erakundeei. Salbuespenezko egoeraren aurrean «zaintzak eta bizitzak erdigunean kokatuko dituen sistema bat eraikitzen hasteko unea» dela ere berretsi dute Karta osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek.

«Koronabirusaren krisiak agerian utzi du egungo gizarte ereduak aldaketa sakonak behar dituela», argudiatu dute, eta langile eta orohar herritarren osasuna jokoan dagoen honetan kezka agertu dute «osasun-krisiaren testuingurua aprobetxatuz epe motzean elite ekonomiko eta politikoen eraso berria» bihur litekeenaren aurrean.

Zaintza eta bizitzak erdigunean jarriko lituzkeen sistema eraikitzen hasteko neurri zehatzak ere jarri dituzte mahai gainean: zerbitzu publikoak garatzea, egoera prekarioenean dauden kolektiboak babestea, oinarrizko eskubideak –etxebizitza, elikadura osasuntsua, ura edo energia izateko eskubidea– bermatzea, zaintzalanak
garatzea, indarkeria matxistaren aurka borrokatzea, enplegua defendatzea eta bermatzea eta, orohar, neurriak hartzea langile klaseak krisiaren ondorioak ordain ez ditzan.

Birzentralizazio saiakera

Azkenik, gobernu espainol eta frantsesa egoera birzentralizazioa areagotzeko baliatzen ari direla ere salatu dute. Egoera horren aurrean, euren ustez, «inoiz baino beharrezkoa da subiranotasun politikoa eta materiala aldarrikatzea» eta, horregatik, «bizitzari eusten dioten tresna publiko eta komunitarioek herritarren kontrolpean egon behar dute, erabakitzeko eskubidea bermatuz», ziurtatu dute. «Eredu berri baten inguruan indarrak batu eta artikulatzeko unea da», nabarmendu dute.