Gipuzkoa Naturkom elkarte ekologistak salatu du udal batzuek tokiko merkatuak bertan behera utzi dituztela, koronabirusaren aurkako neurri gisa. Naturkomek nabarmendu du beste merkatu batzuk kontrol-neurri zorrotzak ezarrita aurrera ari direla, hala nola Arrasate, Azpeitia, Oñati edo Ordiziakoa.
Osasun krisiaren aurrean, merkatuen zeregina hornikuntzarako funtsezkoa dela uste du Naturkomek. «Globalizazioak ekarritako merkataritzak eta ekoizpena kilometroetara eramateak ondorio lazgarriak ditu», uste du kolektibo ekologistak. Naturkomek proposatzen duen eredua hurbileko merkataritzarena da, baserritarren produktuetan oinarritutakoa, «haien beharra izango baitugu orain eta etorkizunean, eta aste batzuetako geldialdia, baserritar askori ekoizpena galtzea ekarriko baitio».
Horregatik, Naturkomek Gipuzkoako Foru Aldundiari, Lakuako Osasun Sailari eta udalei eskatzen die, «behar diren neurriak hartuta, aukera eman diezagutela herritarroi azoken bidez, zuzenean gure baserritarrei bertako fruitu, barazki eta bestelako jakiak erosteko».
Bertatik bertako elikagaiak
Naturkomek dioenez, egungo egoera egokia da «kanpaina ugaritan esandakoari eusteko»: bertatik bertarako, garaiko eta bertako elikagai ekologikoak hartzeko. «Trantsizio ekologikoaren bidean eta klima aldaketaren larrialdia murrizteko, ekoizte- eta merkaturatze-zirkuitu laburrak behar ditugu, horien artean azokak, ahalik eta seguruenak, osasunari dagokionez zein ingurumenari dagokionez», ondorioztatu du.