NAIZ

Egunean Behin astebetez luzatuko da eta egunero zuzeneko finala jokatzeko aukera egongo da

Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldia igande honetan amaitzen zen. Apirilaren 4an Durangoko Plateruena antzokian final handia iragarrita zegoen. Koronabirusak etxean sartuta egotera behartu gaitu eta berrogeialdia xamurtze aldera, astebetez luzatuko da denboraldia. Martxoaren 30ean hasiko den aste gehigarrian egunean bi aldiz jokatzeko aukera zabalduko da erabiltzaileen artean.

Egunean behin jolasaren irudia.
Egunean behin jolasaren irudia.

Euskal Herrian alerta egoera ezarri zenetik –koronabirusaren gaitza dela-eta– Egunean Behin aplikazioaren erabiltzaile diren askok egunean gehiagotan jokatzeko aukera eskatu zieten jokoaren sortzaileei. Erdi bromaz eta erdi serio. Gainera, hirugarren denboraldia aste honetan, igandean (hilak 29) zen bukatzekoa.

CodeSyntax enpresakoek eskakizun horiek irakurri eta aste gehigarri bat abiatuko dute, ‘Egunean Behin²’ izenarekin.

«Bizi dugun egoerarekin, koronabirusa, berrogeialdia, urruntze soziala, ... zer egin behar genuen, denboraldia amaitu eta kitto? ‘Agur, hurrengora arte’ esan? Ez zitzaigun ganorazkoa iruditzen», diote sortzaileek.

Apirilaren 4an Durangoko Plateruena antzokian jokatu behar zen historiako bigarren final handia. Alerta egoera honek bertan behera utzi du hitzordua eta hortaz, beste astebetez luzatu dute denboraldia. Azken astea martxoaren 30ean hasiko da eta apirilaren 5ean bukatuko da.

Argitu dute ez dela egunean bi partida jokatuko, ez zentzu soil horretan behintzat. Asteartetik aurrera egunean galdetegi bat erantzun beharko da eta zuzeneko final bat jokatzeko aukera zabaldu dute. 

Aste bereziaren funtzionamendua

Aste gehigarri eta berezi horretan ohiko dinamikak aurrera jarraituko du. Hau da, egunean galdetegi bati erantzun beharko dio erabiltzaileak. Txapelketa, ordea, egunerokoa izango da, ez astebetekoa; sailkapena egunero berrituko da. Erabiltzaileak eguneko onena izatea izango du xede.

Berritasun handiena asteartean hasiko da. Asteartetik aurrera zuzeneko partida bat jokatuko da 19.00etan, bertara sailkatu diren 150 lagunekin. Nor sailkatuko da zuzeneko partida horretara? Bezperako 50 onenak eta zozketa bidez egokitutako 100 pertsona.

Zuzenekora behin sailkatu den hori ezingo da gehiago sailkatu. Honekin, zuzenekoan ahalik eta jende gehienek parte-hartzea bermatu nahi dute.

Zuzeneko partida

Goizean bertan, jakinarazpena bidaliko zaie zuzenekora sailkatu direnei eta Egunean Behin-en lehen pantailan ikusiko dute zuzenekora sartzeko botoia.

Zuzenekoa Youtube bidez jarraitu ahal izango da, Egunean Behin kanalaren bitartez. Erabiltzaile guztiei jakinarazpena bidaliko zaie finala baino minutu batzuk lehenago, Youtubera sartu daitezen.

Hiru Damatxoko lagunak arduratuko dira emanaldiaz. Aurkezle lanetan nor arituko den sekretupean gorde dute CodeSintax-eko lagunek.

Hirugarren denboraldia

Hirugarren denboraldi hau otsailaren 3an hasi zen eta sortzaileek nabarmendu dute ia 100.000 pertsonek jokatu dutela.

«Ekimen hau egunean behin minutu pare bat euskaraz aritzeko aitzakia emateko asmoz sortu genuen eta, aizu, nolako eragina izan duen euskaldunon mundu txiki honetan», adierazi dute.

Jokoa iaz sortu zuen CodeSyntax-ek eta lehen finala 2019ko abenduan jokatu zen Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Eneko Agirrezabal segurarra gailendu zen.