NAIZ

Baserritarren produktuak merkaturatzen laguntzeko zerbitzua abiatu dute EAEn

Nekazaritza produktuak biltzeko eta merkaturatzeko zerbitzu bat jarri dute abian Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lakua, hiru aldundiak eta Hazi Fundazioaren ekimena da. Baserritarrei beren ekoizpena merkaturatzen laguntzea eta kontsumitzaileei tokiko produktuak eskaintzen zaizkiela bermatzea du xede, tokiko azoka gehienak itxi baitira.

Ordiziako azoka, irekita mantendu den bakanetakoa. (Jon URBE / FOKU)
Ordiziako azoka, irekita mantendu den bakanetakoa. (Jon URBE / FOKU)

Koronabirusaren gaitzaren hedapena murrizte aldera, tokiko zenbait azoka ixteko gomendioa helarazi zen administrazio publikotik. Herriko azokak nekazarien ekoizpena merkaturatzeko aukera bakana izan ohi da baserritar askorentzat eta beraz, bizirauteko aukera nagusiena. Martxoaren 18an egin zen asteazkenero Ordizian egiten den azoka, baina ia gehienek jarduera eten dute.

Baserritarrei beraien ekoizpena merkaturatzen laguntzeko, zerbitzu bat abian jarri da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lakuako Gobernua, hiru aldundiak eta Hazi Fundazioaren ekimena izan da.

Tokiko eta sasoiko produktuari irteera eman nahi zaio, ohiko merkatuez bestelako banaketa bideak erabiliz, eta salmenten jaitsiera saihestu, produkzioaren bideragarritasuna zein bezeroen osasuna bermatuz.

Gasteizko Gobernuko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailetik jakinarazi dutenez, EAEko nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera batzuk, eta batez ere baratzeetako ekoizpena, ondorio negatiboak jasaten ari dira Covid-19aren ondorioz. Bereziki, eraginpean daude haien fruituak azoken eta merkatuen bidez merkaturatzen dituzten ekoizleak eta haien genero freskoa Horeca kanalaren bidez merkaturatzen duten baratzezainak, eskaerarik gabe geratu baitira.

Produktu horri guztiari irteera emateko, eta generoa bilduko duen zerbitzua antolatzearen konplexutasunaren ondorioz, arlo horretako logistikan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresaren laguntza izan dute ekimenaren sustatzaileek.

Lurrartek, Hazi Fundazioko teknikarien eta EAEko landa garapeneko elkarteen laguntzarekin, banaketa bide berria antolatuko du, betiere azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean.

Harremanetan jartzeko urratsak

Ekimen honekin, sustatzaileek azaldu dutenez, EAE osoan dauden askotariko jarduerak elkarren osagarri izatea lortu nahi da –nekazaritza produktuen sareko salmenta, baimendutako espazioetan egiten diren tokiko azokak eta abar–. Gainera, gure baserritaren tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzaileei hornitzen zaizkiela bermatu nahi da.

Baldintzak, jasotzen diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak edo bestelako gaiak argitzeko, baserritarrek 943 693 074 telefonora deitu dezakete (astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:30era), edota 688 643 670 telefonoko whatsapp-era idatzi (erreferentzia gisa 'barazkien bilketa' erabilita).

Lurrarte enpresarekin batera, Alberro eta Barrenetxe enpresak ere arduratuko dira produktua erosteaz eta merkaturatzeaz. Enpresa horiek, behin produktua jaso ondoren, Eroski S.Coop. (Eroski) eta Uvesco S.L. (BM) banaketa handiko operadoreetara bideratuko dute, elikagaiak xahutu ez daitezen eta hondakinen isurketak gehitu ez daitezen.