Erosketa guztiak zentralizatu ostean, Madrilgo gobernuak 10 milioi maskaratik 640.000 bidali ditu Hego Euskal Herrira, asteartetik aurrera lanera joan behar duten horien artean bana daitezen. Orotara, 494.000 maskara iritsi dira Euskal Autonomi Erkidegora –72.000 Arabara, 258.000 Bizkaiara eta 162.000 Gipuzkoara– eta 146.000 Nafarroara.
Astelehena jai eguna izaki langileentzat, asteartera begira astelehenez bilerak egingo dituzte Madrilgo gobernuko ordezkariek –beraiek baitituzte maskarak uneotan– EAEko zein Nafarroako Foru Erkidegoko koordinazio taldeekin, maskarak zeini eta nola banatu argitzen joateko.
Asteartetik aurrera «funtsezko» ez diren lan jarduerei berrekingo zaie. Hala, telelanik egin ezin duten langileek, zein lantegira beren kabutan –oinez, txirrinduz, motoz edo autoz– joaterik ez dutenen artean banatuko dira maskara hauek «isolamendu soziala» zailtzen duten egoeretan. Material hori datorren asteartetik asteazkenera bitartean emango da, hala Nafarroan nola EAEn, lan jarduerari ekiten zaionean. Metro-geltokietan, aldiriko geltokietan edo, ezaugarriak direla-eta, erabiltzea komeni den lekuetan banatuko dira batez ere maskara hauek.
Izan ere, prinzipioz ez da derrigorrezkoa, «gomendagarri» baizik, maskara ipinita izatea. «Lehentasuna urruntze soziala, higienea eta eskuak garbitzea da. Urruntze soziala zailagoa denean, garraio publikoa kasu, gobernuak, salbuespen gisa, maskarak banatzearen aldeko apustua egiten du, haien erabilera gomendagarria delako», adierazi du horren harira Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.
Bidaiarien artean banatuko dira maskarak, nasetara sartzeko tornua igaro ondoren. Horrela, garraio publiko kolektiboan bidaiatzen duen jendeari bakarrik banatzea nahi baita.
Banaketa Babes Zibileko kideek eta boluntarioek egingo dute, Segurtasun Indar eta Kidegoen parte-hartzearekin, bai Estatukoek, bai autonomikoek eta tokikoek.
Test azkarrak
Bestalde, Madrilgo gobernua antigorputzak atzemateko 979.200 test azkar banatzen ari da egunotan erkidegoen artean. Euskal Autonomia Erkidegoak 118.200 test jaso ditu dagoeneko, Nafarroak 37.200 jaso dituen bitartean.