Txalupa txiki batean Mediterraneoan noraezean zebiltzan 43 migratzaile erreskatatu ditu gaur Aita Mari ontziak Maltako kostaldetik gertu eta, bertako agintarien zain da, momentuz ez baitiete pertsona hauekin egin behar dutenaren beste agindurik eman. Salvamiento Maritimo erakundeak jakitera eman duenez, migratzaile hauen artean deshidratazio zantzu larriak dituzten sei pertsona, haurdun dagoen beste bat adin txikiko bat daude. Aita Mariko eskifaian medikurik ez dagoenez, helikopteroz etortzekoa den baten zain dira, hauen egoera azter dezan.
Migratzaileak zeramatzan txalupak lau egun zeramatzan noraezean eta goizeko lehen orduan topatu du Aita Marik, Siziliako Siracusatik Pasaiara bidean bueltan zela.
Italian Covid-19ak eragindako egoera ikusita etxeratu eta ontziaren mantentze-lanak abiatzea erabaki zuen Aita Mariko tripulazioak. Bidean zirela, baina, arriskuan leudekeen hainbat ontziren berri izan zuten eta horien bilaketa abiatu zuten. «Ez Italiak ez Maltak ez dute bilaketa eta erreskate operazio bat abiarazi», salatu du GKEak.
Azaldu dutenez, bart gauean Siziliako kostaldean larrialdi komunikazio bat jaso zuten. Alarma Phone GKEak jakinarazi zienez, Maltako bilaketa eta salbamendu eremuan hiru itsasontzi daude noraezean, gutxienez 173 lagunekin. Laugarren itsasontzi bat ere egoera berean legoke, 85 lagun ingururekin, baina honekin kontaktua galdu dute.
«Aita Mari erreskate operazio honekin konprometitu da eta pertsona hauen bilaketa lanetan hasi da», ziurtatu du GKEak goizeko lehen orduan, eta eguerdi aldera jakin da lehen ontzia aurkitu dutela.
Sendagileen berehalako laguntza eskatu eta agintariek egoeraren berri eman diete. Izan ere, Aita Mari etxeratzeko asmoz abiatu zenez zazpi pertsona besterik ez doaz ontzian, eta horien artean ez da mediku edo erizainik. Azaldu dutenez, Maltako agintariek salbamendu-jakak, ura eta jatekoa banatzeko baimena eman diete baina hasiera batean ez diete Aita Marira ontziratzeko baimenik eman. Arratsaldean, baina, migratzaileen txalupara ura sartzen ari zela ikusita, pertsona hauek euren ontzira igotzeko baimena lortu dute eta bertan dira, medikua heldu zain.
#AitaMari Se ha detectado entrada de agua en el bote, siguiendo las indicaciones de embarcar a las personas asistidas en caso de peligro procedemos a su traslado al AitaMari. Donde esperamos la llegada de un médico para asistir a los náufragos. pic.twitter.com/QXjCbXHhsS
— SMH (@smhumanitario) April 13, 2020
Egoeraren aurrean, agintarien jarrera salatu dute beste behin: «Salatzen dugu Europako agintariek, Frontex itsas misioaren bidez, eta Italia eta Maltak ez dutela mobilizatu, legeak eskatzen duen moduan, beraien erreskate unitaterik. Aldiz, itsasontzi zibil batek larrialdi honi erantzuna ematera behartua ikusi du bere burua», nabarmendu dute.
Gaineratu dutenez, «erantzukizun falta hori behin baino gehiagotan berretsi da azken egunotan». Izan ere, atzo 101 pertsona iritsi ziren gomazko ontzi batean Siziliara: «Urperatu hauek 300 eta 500 kilometro arteko ibilbidea egin zuten», salatu dute.