Dabid Lazkanoiturburu

Beshir bota zuten iaz, baina erronkak hor dirau Sudanen

Dagoeneko urtea igaro da herri matxinada baten presiopean militarrek Omar el-Beshir presidentea atxilotu zutenetik. Halere, Armadak oposizioarekin adostu zuen trantsizio Gobernuaren erronkak ez dira makalak. Alde batetik, egonkortasuna ez da Sudanera iritsi. Bestetik, izugarrizko krisi ekonomikoa pairatzen ari da herrialde afrikarra. Ez da bakarra, baina erregimena suntsitzeko helburuarekin kalera atera zen jendearen esperantzak epemugak ditu.

Sudango matxinadari buruzko argazkiak irabazi du aurtengo World Press Photo saria. (YASUYOSHI CHIBA/AFP)
Sudango matxinadari buruzko argazkiak irabazi du aurtengo World Press Photo saria. (YASUYOSHI CHIBA/AFP)

Ez zen erabat samurra izan. Lau hilabete luze eta ehunka hildako behar izan zituen 2018ko abenduaren 21ean eztanda egin zuen «Ogiaren matxinadak» Omar el-Beshir Sudango behin betiko presidentea boteretik at ikusteko.

2019ko apirilaren 11n, militarrek Beshir kargutik bota eta atxilotu egin zuten. Horretarako, Armadak Khartum hiriburuan duen egoitza nagusian kanpalekua egin zuten matxinoek hainbat eta hainbat astetan, militarrei presio egiteko, hain zuzen.

Ekilibrista

Estatu-kolpe baten bidez 1989an presidente kargua hartu zuen Beshirrek. Egiptoko akademia militarrean hazita, Israelen aurkako 1973ko gerran parte hartu zuen Beshirrek eta bere biografian Gamal Abdel Nasserren eredu panarabiarra eta «sozialista» aldarrikatzen zuen.

Halere, Hassan al-Tourabiren Sudango Fronte Islamikoaren babesa eta bultzada izan zuen hasiera-hasieratik. Harreman horren harira, Beshirren erregimenak Al Qaedako buru izan zen Osama Bin Ladeni babesa eskaini zion 90eko hamarkadan. Bide batez Iranen laguntza izan zuen, azken urteetan Saudi Arabiari keinu egin bazion ere.

30 urte boterean bete ondoren agortu zitzaion zortea Beshir ekilibristari, batik bat ustelkeriagatik eta Hego Sudanek 2011n independentzia eskuratu zuenetik Ipar Sudanek petrolioaren irabaziak galdu zituenetik.

Halere, iazko abuztuan martxan jarri zen trantsizio gobernuaren erronkak berdinak dira: ordena politiko berria eratzea, krisialdi ekonomiko larria etetea eta jendearen haserrea baretzea.

Ogiaren prezioa hirukoiztu zenean atera zen jendea kalera orduan, baina ekonomiak ez du hobera egin. Argindarraren etenak eguneroko kontua dira eta jendeak orduak behar ditu ogia eta erregaia erosteko.

Abdallah Hamdok lehen ministroa, bere garaian Nazio Batuen Erakundean ekonomialari lan egin zuena, leku batetik bestera dabil bidaiak egiten Sudanen «irudi txarra» zuritu nahian. Izan ere, AEBetatik hasita Japoniaraino, EB ahaztu gabe, horien guztien laguntza beharko du egoerari buelta emateko.

Ustezko laguntza hori, halere, baldintzatuta dago. Yemengo itsasertzean, 2000. urtean Al Qaedaren izenean Sudango komando batek USS Cole destruktoreari eraso egin ondoren hil ziren marineen senideei kalteak ordaintzea onartu behar izan du Khartumeko Gobernuak.

Bide batez, Beshir Hagako Nazioarteko Auzitegiaren esku uzteko prest agertu da Exekutiboa, auziak hautsak harrotuko dituela jakin arren.

Darfurreko krisian gizateriaren aurkako krimenengatik (250.000 hildako) auzipetuta dagoen Beshir ustelkeria auzi bategatik dago giltzaperatuta egun Sudanen: Saudi Arabiaren dirulaguntzak bere poltsikoan gordetzeagatik, hain zuzen.

Egun hauetan Beshirren aldeko manifestazioak ekiditen saiatu da Polizia hiriburuan. Otsailean lehen ministro berriaren aurkako atentatu saiakera izan zen. Erregimen zaharra ez dago, oraindik, hilda. Berria, artean, jaiotzeke.