NAIZ

Beste bi lagun hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, azken orduetan adineko bi pertsona gehiago hil dira herrialdeko zahar etxeetan. Hiruk eman dute positibo eta beste 21 sendatu dira. Guztira 148 pertsona hil dira eta 259k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.

Altzako Berra egoitza. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Altzako Berra egoitza. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazken honetan eman dituen datuen arabera, hiru lagunek eman dute positibo eta bi zendu dira Eibarko Egogain eta San Andres adinekoen egoitzetan. Beraz, herrialdeko 65 erresidentzietan kasu positiboak dituzten 16 egoitzetan, 127 alta daude guztira, 148 heriotza izan dira eta 259 lagunek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute. Horietako 37 Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude ingresatuta eta beste 33 ospitaleratuta.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, 21 adineko pertsonak gehiagok gainditu dute Covid-19a, eta guztira 127 dira medikuaren alta jaso dutenak. Alta horiek eman dira Arrasateko Iturbide egoitzan (13), Beasaingo Arangoitin (1), Eibarko Egogainen (1), Zarauzko Santa Anan (4) eta Zumaiako Otezurin (2).

Desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzen egoerari dagokionez, diagnostiko positiboa zuten bi lagunetatik batek azken orduetan jaso du mediku alta, Donostiako Uliazpiren zentroko egoiliarrak hain zuzen ere. Beraz, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan, pertsona bat dago Covid-19n positibo emanda, Donostiako Iza egoitzan.

«Gure gaitasun, ezagutza eta esperientzia guztia ari gara bideratzen egoitzetan Covid-19aren kudeaketara, gure lehentasun nagusia direlako», adierazi du Mendozak.