NAIZ

Euskal gehiengo sindikalak indarrak batuko ditu Lan Osasunaren Nazioarteko egunean

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru Etxalde eta CGT (Nafarroa) sindikatuek apirilaren 28an ospatzen den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean mobilizazioak deitu dituzte lantokietan zein etxeetan.

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunerako euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazioak.
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunerako euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazioak.

Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Koronabirusaren krisiak eta ezarri diren salbuespen egoerak baldintzatuta izango da aurtengoan. Horren aurrean euskal gehiengo sindikalak indarrak batu ditu.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru Etxalde eta CGT (Nafarroa) sindikatuek diotenez, azken hilabeteek «irakasgai argia» utzi dute: «Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira. Hala gertatu zen Zaldibarren zabortegiak bi langile lurperatu zituenean eta berdin koronabirusarekin lanean kutsatu eta hil diren langileekin, lanean kutsatu direnekin edo kutsatu diren langileen senideekin».

Koronabirusaren krisian langile guztien osasuna «arriskuan» jarri dutela adierazi dute: Funtsezko zerbitzuetan ari diren osasun-langileena, zaintza esparruko langileena, garbitzaileena, garraioan dabiltzanena, elikadura saltzaileena, farmazietako langileena, gasolindegietakoena...

«Zenbat pertsona gaixotu edota hil dira egoera honetan lan egiteagatik, langile horiekin bizitzeagatik edo langile horiek artatuta? Arriskuan jarri dituzte ere, funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak, prebentzio neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, bestelako mugimendu guztiak erabat debekatuta zeuden bitartean», diote.

Horregatik, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunerako salaketa eguna deitu dute.

Alde batetik, lantokietan elkarretaratzea, isilunea, eserialdia... distantzia ziurtatuta bilduz, eta kartela eskuan hartuta, lan zentroen aurrean mobilizatzera dei egin dute. Mobilizazio horiek zabaltzeko lan osasunarekin lotutako aldarrikapenekin argazkiak eta bideo laburrak grabatzeko esan dute, eta #BizitzaDefendatu traola erabilita zabaltzeko.

Bestalde, etxeetan, bideo eta argazkiez aparte, leiho eta balkoietan xingola beltzak eskegitzera dei egin dute, «lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko».