naiz

HaurrakEreBai plataformak etxeko haur eta nerabeen kamisetak balkoietan erakusteko dei egin du

Konfinamenduan haur eta nerabeek jasaten duten itxialdi «zurruna» salatzeko asmoz, aste honetan Euskal Herriko hainbat familiak HaurrakEreBai plataforma sortu dute. Kazerolada batera eta seme-alaben kamisetak erakustera deitu dituzte herritarrak, eta iragarri dute aurrerago ere egingo dituztela ekintza gehiago.

Haurrak kalera ateratzen uztearen aldeko protesta Hernanin. (Jon URBE / FOKU)
Haurrak kalera ateratzen uztearen aldeko protesta Hernanin. (Jon URBE / FOKU)

HaurrakEreBai Euskal Herriko hainbat familiak sortutako plataforma berria da, ume eta nerabeen eskubideak defendatu eta haien hitza entzunarazteko helburu duena. Asteon iragarri ditu espainiar Gobernuak 14 urtetik beherako haurren konfinamendua arintzeko neurriak hartuko dituela; hala ere, plataforma honek iritzi du jada 40 egunez pairatu dutela ume eta nerabeek itxialdi «zurrun» hau, eta «kalera ateratzeko jaso ditugun baldintzen izaera jasanezina» dela diote.

Horregatik, etxeetatik bada ere, zenbait ekintza antolatzen ari dira, egoera salatu eta gazteen baldintzak hobetzeko eskatzeko asmotan. Asteartean egin zuten lehenengo deialdia, herritarrei eskatuz konfinamenduak irauten duen bitartean, egunero 19.55etan kazerolada egiteko.

Asteazkenean, halaber, beste ekintza bat proposatu dute. Euskal Herriko gurasoei galdegin diete etxeko haur eta nerabeen kamisetak balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko, haur eta nerabeak ikusarazteko, sinbolikoki bada ere.

Iragarri dute, bestalde, datozen egunetan ekintza berriak aurkeztuko dituztela, eta sare sozialen bidez HaurrakEreBai plataformaren mezuak zabaltzeko eskatu dute, #HaurrakEreBai, #aireabehardugu eta #40egunikustezin traolak erabiliz.