NAIZ

«Zabaldu leihoak etorkizun berri bati», Sare plataformaren deialdia datorren ostiralerako

Sarek bere Youtube eta Facebook bitartez, eta Hamaika TB bitartez ere, saio berezia egingo du ostiral honetan, 19.00etatik aurrera. Horren ostean, herritarrei gonbita egin die leihoak ireki eta txistua hiru aldiz jo dezaten, salbuespen legediarekin amaitu behar dela eta etorkizun berri bati leihoak zabaltzeko ordua dela aldarrikatzeko.

Sare euskal preso eta deportatuen aldeko plataformak deialdia egin du ostiral honetrako, hilaren 24rako. Martxoko azkenengo ostiralean egin zen bezala eta apirila amaitzen ari den honetan ere, eta oraindik ere presoen senideak bisitarik gabe jarraitzen dutela eta egoera noiz arte luzatuko den informaziorik ez dutenez, sare sozialetan presoen aldeko saio berezia antolatu du Sarek, #EtxeanNahiDitugu traolaren pean.

Arratsaldeko 19.00etan Sareren Youtube eta Facebookeko kanalean eta baita Hamaika TBren bitartez ere izango da aipatu saioa. Ordu erdi iraungo du eta ostean, 19.30ean, herritarrei gonbita luzatu die leihoak ireki eta txistua hiru aldiz jo dezaten, salbuespen legediarekin amaitu behar dela eta etorkizun berri bati leihoak zabaltzeko ordua dela aldarrika dezaten. Une hori bideoz grabatu eta plataformaren beraren sare sozialetan eskegitzeko eskatu dute bestetik, #EtxeanNahiDitugu traolaz identifikatuz. Horretarako prentsa@sare.eus helbide elektronikora edo 678137405 telefono zenbakiarekin WhatsAppez partekatu beharko da.

Saioan, salbuespen legediaren eta egungo konfinamendu egoeraren ondorioz preso eta senideek bizi dituzten hainbat egoera jasotzen dituen ipuin kontaketa egingo da Itzi Gamero ipuin kontalariaren bitartez eta kultura munduko hainbat aktore eta kideren ahotsaren laguntzaz, besteak beste, Ramon Agirre. Ondoren, Olivier Peter Europako abokatuak, Nazio Batuen Erakundearen gomendioen inguruan hitz egingo du eta Anaiz Funosas Bakearen Artisauak estatu frantsesean presoek bizi duten egoeraz azalpenak eskainiko ditu.