NAIZ

«Agur eta kolore» Zumetari

Joera desberdinetako politikariak, euskal artistak eta hainbat herritarrek sare sozialen bitartez partekatu dute Jose Luis Zumetaren heriotzak eragindako atsekabea. Egun iluna izanagatik ere, margolariaren lanak kolorez jantzi ditu sareak.

Jose Luis eta Usoa Zumeta, tailerrean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jose Luis eta Usoa Zumeta, tailerrean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra zendu da ostegunean eta sare sozialetan agerian geratu da artista honen heriotzak utzitako hutsunea. Sareetan, inprobisazioz eta atsekabez, Zumetaren galeriak sortu dira, asko izan baitira etxeetako paretetan daukaten margolariaren lanaren irudia jarrita usurbildarri omenaldi txiki bat eskaini diotenak. Baita haren senitartekoei doluminak eman diotenak ere.

Euskal artearen izen handienetako baten heriotzak, baina, kolorez busti ditu sareak, paradoxikoki. Joera anitzetako politikariak, kulturgileak, kazetariak eta herritarrak oro har Jose Luis Zumetaren lanak erakutsi dituzte sareetan.