NAIZ

Ingurumen sailak kanpo-auditoria bat kontratatu du Zaldibarko zabortegia aztertzeko

Iragan otsailaren 6an bi langile desagertzea eragin zuen Verter Recycling enpresaren zabortegiari emandako ingurumen baimen integratuan (IBI) finkatutako baldintzak zenbateraino betetzen diren begiratuko du Ricardo Energy & Environment nazioarteko aholkularitza enpresak.

Zaldibarko Verter Recycling zabortegia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zaldibarko Verter Recycling zabortegia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lakuako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak kanpo auditoria bat kontratatu du Zaldibarko zabortegia aztertzeko. Otsailaren 6an bi langile desagertzea eragin zuen Verter Recycling enpresaren zabortegiari emandako ingurumen baimen integratuan (IBI) finkatutako baldintzak zenbateraino betetzen eta kontrolatzen diren ikertuko du.

Iñaki Arriola sailburuak otsailaren 18an Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egin zuen agerraldian azaldu zuenez, bi helburu nagusi ditu auditoriak. Lehenbizikoa, Verter Recyclingen instalazioari bere garaian emandako ingurumen baimen integratuaren baldintzak nahikoa zorrotzak ziren ikertzea, eta aplikazioari, legediari eta zabortegiaren operazio baldintzei behar bezala erantzuten zieten jakitea.

Bigarrena, zabortegiaren operatiboa eta IBIa betetzen zirela egiaztatuta, Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuak enpresaren jarduera behar bezala gainbegiratu ote duen ikustea.

Kanpo auditoria egiteko Ricardo Energy & Environment enpresa kontratatu du Ingurumen Sailak. Azaldu duenez, duela ehun urte baino gehiago sortutako enpresa britainiar hori aproposa da lana gauzatzeko, ingurumen kontsultore gisa duen esperientzia dela-eta. Erantsi duenez, nazioartean ospe handia du eta liderra da energiaren, ingurumenaren eta teknologiaren esparruetan.

«Nagusiki Britainia Handian eta Europan dihardu. 500 teknikari eta zientzialari baino gehiago ditu —horietako asko euren arloetan adituak—, eta 40 urteko esperientzian bezeroen zerrenda zabala osatu du. Horien artean Europako Batzordea dago», agertu du Ingurumen Sailak.

Azterketaren emaitzak hiru hilabete inguruko epean ezagutzea espero dute.

Kausen txostena

Ingurumen Sailak luizia gertatu izanaren arrazoiei buruzko peritu txosten bat ere kontratatu du. Txosten hori Euskal Herriko «lurren ingeniaritzako eta geotekniako aditu nagusietako batzuek» osatuko dute.

Otsailaren 6an gertatu zen lur-irristatzearen ondorioz, Sailak bere gain hartu ditu «premiazko lanen zuzendaritza, kontratazioa eta egikaritzea, zabortegiaren egonkortasuna bermatzeko, ingurumenerako arriskua murrizteko eta, batez ere, lurpean geratutako bi langileen bilaketa segurtasun osoz egiteko».