Emmanuel Macron presidente frantsesak maiatzaren 11tik aitzina itxialdiko neurriak arintzen hasiko direla iragarri zuenetik, egoera berrira egokitzeko pixkanaka egingo diren urratsen artean, osasun zerbitzuek egingo dituzten test desberdinen berri eman zuen. Ordurako, prest ziren Ipar Euskal Herriko laborategiak serologia testak eta nasal-faringe probak egiteko.
Ahoan hartzen diren laginek Covid-19 birusa antzeman dezakete, hau da, gaixotasunaren hasiera iragartzen dute, eta froga hauek jada egiten ari dira Ax Bio Ocean enpresaren bitartez. INOVIE taldeko enpresa honek hamaika laborategi ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.
Odol laginekin egiten diren serologia probek, ostera, pertsona bat noizbait Covid-19 birusarekin kontaktuan egon den azaltzen dute. Beraz, gaixo dagoen edo noizbait gaixo egon den pertsona identifikatzeko balio du serologia probak eta mota honetako probak datozen egunetan egiten has daitezke. Hots, Labexa taldeko Sealab laborategiek proba horiek egiteko gaitasuna dute eta Lapurdin ia dozena bat laborategi dituzte.
Bi motatako probak bereizi
Jean Philippe Galhaud Labexa taldeko zuzendariak `Mediabask´ hedabideari jakinarazi dioenez, «proba serologikoak egiteko erreaktiboak baditugu, orain metodoa balioztatzen ari gara, eta osasun zerbitzu nazionalen gomendioen zain gaude, zein markotan lan egiten dugun zehazteko».
Koronabirusarekin kutsatu diren pertsonek garatzen duten immunitate maila zenbaterainokoa den oraindik esaterik ez dagoela onartzen duen arren, odolean geratzen den arrastoari esker, serologia probek %95eko fidagarritasuna dutela nabarmendu du Galhaudek. Kontuan hartu behar da antigorputzak gaixotasunean zehar edo amaieran garatzen direla, beraz proba hau gaixo egon direnak identifikatzeko egiten da.
Bestalde, Akitania Berriko osasun agentziaren (ARS) bermearekin, martxoaren 26tik ari dira aho-laringeko laginak aztertzen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Ax Bio Ocean laborategiak. Lagin hauek Paris eta Grenobleko zentroetara igortzen dituzte, eta emaitzak 48 orduren ostean jasotzen dituzte. Horren ostean, emaitza guztiak (bai positiboak eta baita negatiboak ere) ARS agentziaren esku uzten dituzte.
Gobernu frantsesak maiatzaren 11 baino lehen Covid-19 birusa antzemateko egunean 25.000 test egiteko asmoa duela azaldu zuen eta Olivier Verán osasun ministroak, berriz, kopurua astero 500.000 testera igotzeko borondatea duela azaldu zuen. Edonola ere, orain artean ez da Ipar Euskal Herrian egin diren proben inguruko datu zehatzik argitaratu.