NAIZ

Umeekin ateratzeko lehen egunean, zein eguraldi izanen dugu?

Hilabete baino gehiago berrogeialdian egon ondotik, eta ez borrokarik egin gabe, haurrak etxetik ateratzen ahalko dira azkenik haize pixka bat hartzera, etxetik kilometro bateko eremuan, guraso batek lagunduta. Igandea izanen dute lehen eguna kalean; zein eguraldi eginen du?

[Eguraldiari buruzko informaizio guztia, hemen]

Haurrak kalera aterako dira bihar, igandea, aspaldiko partez. (Jon URBE/FOKU)
Haurrak kalera aterako dira bihar, igandea, aspaldiko partez. (Jon URBE/FOKU)

Haurrak helduontzat eredu izaten ari direla baieztatu daiteke; hala diote guraso, familia, irakasle eta txikiren bat inguruan duten denek. Lehenak izan ziren koronabirusa iritsi zenean etxean gelditzen, martxoaren 13ko ostiral hartan eskolak itxi zituztenean.

Geroztik lau paretaren arteko mugaren barrenean garatu behar izan dute irudimena eta jolasa. Bertan egokitu behar izan dute, gurasoen laguntzarekin, beren ikasketa ere. Hego Euskal Herriko txikiez ari gara, Iparraldekoek hasieratik izan baitute etxe inguruan gorputza askatzeko eta kirol pixka bat egiteko baimena.

Italiak konfinamendua arindu zienean, espainiar Estatua bakarrik gelditu zen umeei berrogeialdi zorrotza aplikatzen. Orduan pixkanaka-pixkanaka gehituz joan ziren haurrei ateratzen uzteko eskaerak. Hainbat etxetako balkoietan jarri zituzten pankartak eta marrazkiak, «SOS haurrak» leloarekin. Eta azkenik Pedro Sanchezen Gobernuak pausoa eman zuen, ez polemikarik gabe, hasieran gurasoei erosketak egitera laguntzeko aukera eman baitzien soilik. Baina etorri zitzaizkion kexa eta protesta guztiekin, berehala zuzendu zuen neurria eta etxe inguruan paseatzeko eta jolasteko aukera eman zien.

Giro goxoa

Bihar, igandea, aterako dira aspaldiko partez txikiak, eta, Joxe Landaren iragarpenari kasu egiten badiogu, giro goxoan ibiltzen ahalko dira haurrak, goizeko haizearen hego ukituak eraginda. Gero ipar ukitu gehiago nabarmenduko zaio eguraldiari. Horrek laino baxuak barreiatuko ditu kostaldean, eta goiko hodeiek ere zeru sabaia ia estaliko dute.

Ateriari eutsiko dio gauera arte kostaldean behintzat, baina barnealdean mardul garatuko dira ekaitzak. Beraz, goibel samar egon arren, giro goxoa izanen dute umeek oro har. Halere Landak trumoizko zaparrada horiekin kontuz ibiltzeko aholkatu die. Eta ongi tapatzeko, tenperaturak jaisteko joera hartuko duelako.