Maite Ubiria

Maiatzaren 12an ikastolek ateak zabalduko dituztela baieztatu du Seaskako lehendakariak

«Ikastolak irekiko ditugu eta protokoloa errespetatuko dugu, hori baita gure erantzukizun legal eta morala». Hitz horiekin baieztatu du Seaskako lehendakaria den Peio Jorajuriak Ipar Euskal Herriko ikastolek lehen hezkuntzako haurrak errezibituko dituztela heldu den maiatzaren 12tik aitzin. Frantziar Hezkuntza Ministerioak eskola sartzea progresiboa egiteko mahaigaineratu duen egitasmoak ika-mika handia piztu du.

Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria, artxiboko irudian. (Guillaume Fauveau)
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria, artxiboko irudian. (Guillaume Fauveau)

Emmanuel Macronek joan zen apirilaren 13an iragarri zuenez, eskola sartze progresiboa maiatzaren 11tik aitzin abiatuko da.

Hainbat ahots altxa dira geroztik horren kontra. Hartara, Paris inguruko 300 auzapezek erabakia gibelatzea eskatu dute. Hala ere, oraingoz Gobernuak ez du atzera egin.

Gauzak horrela, ondoko egunotan lan franko egin beharko dute Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan Hezkuntza Ministerioak emandako agindua bete ahal izateko.

Pazko Oporraldia amaiturik, gaur eskola sartze egun arrunta behar luke izan Ipar Euskal Herrian. Covid-19ak, ordea, hezkuntza plangintza hankaz gora jarri du.

Hezkuntza Ministerioaren arabera, heldu den maiatzaren 11an ikaslerik gabe bada ere eskola sartzearen lehen eguna litzateke irakasle eta laguntzaileentzat. Biharamunean, berriz, mailaren arabera antolatu den egitasmoaren arabera, ikasle batzuk etxetik egindako klaseekin segituko duten bitartean beste batzuk eskola presentziala abiatuko dute.

Protokoloaren gabeziak

Oraindik ere zalantza eta arrangura handiak badira ere, heldu den asteartean lehen hezkuntzako haurrentzat ikastolak zabalduko direla baieztatu du gaur Peio Jorajuriak.

Seaskako lehendakariak Euskal Irratietan hitz egin du. Jorajuriak onartu du ikastolen federazioaren baitan kezkak badirela, frantziar Hezkuntza Ministeriotik jaso duten protokoloak «oso baldintza zorrotzak jasotzen dituelako».

Izan ere, maiatzaren 12an lehen hezkuntzako haurrekin abiatuko dela eskola sartzea baieztatu du Seaskako lehendakariak. Arazo gehiago litzateke ama eskolako haurrak hartzeko, higiene eta distantzia sozialari buruz protokoloak ezartzen dituen neurrien aplikazioa zailago delako, onartu du Jorajuriak.

Zuzendarien eta irakasleen gutunak

Azkeneko egunotan Seaskako kolegioen zuzendariek lehenik eta horien ondotik lehen hezkuntzako 60tik gora irakaslek eta laguntzailek beraien kezkak publikoki agertu zituzten.

Hezkuntza alorreko sindikatuek gobernuaren erabakia kritikatu dute baita ere. Hala egin zuen iragan astean FSU sindikatuaren Pirinio Atlantikoetako sekzioak agiri baten bidez.

Hala eta guztiz ere, behin protokoloa eskuratuta, hori nola bideratu dela erronka aitortu du gaur Seaskako lehendakariak. «Ikastolek badituzte irizpide aski finkoak zenbat ikasleekin abiatuko diren jakiteko, beraz, lehen hezkuntza hasiko da», zehaztu du Jorajuriak.

Dagoeneko iragan astean hainbat bilera egin zituzten ikastoletako arduradunek eta udaletako ordezkariek herriz herri. Gaur, zentroetako zuzendariekin eta bihar ikastolen lehendakariekin bilerak antolatu ditu Seaskak protokoloaren aplikazioari buruzko zalantzak argitzeko.

Edonola ere, ikastolak ez irekitzeko aukera ez dagoela mahaigainean argitu du Seaskako lehendakariak. «Ikastolak irekiko ditugu, guraso andanarentzako beharrezkoa delako eskola irekitzea eta hori aintzat hartu behar dugu, erantzukizun legal eta moral inportante bat dugulako», adierazi du Peio Jorajuriak.

Talde txikietan eta neurri zorrotzak hartuta

Hezkuntza Ministerioak eskoletan talde txikietan lan egitea aurreikusten du (15 ikasle gehienez) eta horrek irakasle kopuru emendatzea eskatuko luke Seaskako lehendakariaren arabera. Ikastolek ez dutela baliabide aski aitortu du.

Eskola sartzea derrigorrezkoa ez denez, irakasleek oso baldintza zailetan eginen diren klaseak bermatzeaz gain etxean geldituko diren ikasleen jarraipena ziurtatu beharko dute.

Baliabideen eskasia salatzeaz gain, protokoloak ezartzen duen hainbat neurrik «ikastolen baloreen kontra joaten direla» onartu du Seaskako buruak.

Eskola barnean deskonfinamendurako eskemak tentsioak areagotu ditu. Hori horrela onartuta Seaskak elkarlanean oinarrituriko lan moldea hobetsiko duela maiatzaren 12an zabalduko den fase berriari ahal den eta hobe erantzuteko nabarmendu du Peio Jorajuriak.