NAIZ

Beltran eta Sololuzeren omenez lorez koloreztatu dituzte zazpi udalerritako plazak

Duela hiru hilabetetik lur eta zabor azpian desagertuta daude Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginak, Verter Recycling enpresaren zabortegia amildu zenetik. 90 egun bete diren honetan, Euskal Herriko zazpi udalerritan lore-eskaintzak egin dituzte bi behargin horien omenez. Arratsaldean balkoietatik zarata ateratzeko deialdia Euskal Herri osora zabaldu dute.

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren omenezko lore-eskaintza Zaldibarko plazan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren omenezko lore-eskaintza Zaldibarko plazan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Hiru hilabete, 90 egun, betetzen dira asteazken honetan Verter Recycling 2002 enpresaren zabortegiak kolapsatu zuenetik. Ordutik, lur eta zabor azpian desagertuta jarraitzen dute Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileek.

‘Zaborrezko munstroa’ abestiak dioen bezala, «herriak erantzunak eta erantzunkizunak behar ditu» eta «herriak Joaquin, Alberto gertuko, etxeko, behar ditu». Hirugarren hilabetea bete den honetan, langileen omenezko lore eskaintzak egin dira Euskal Herriko zazpi udalerrietan.

Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta eta Mallabian egin dira batetik –zabortegiaren lurretatik gertuen dauden herriak dira– eta bestetik, langileen bizileku ziren Markina-Xemein eta Zallan ere gogoratu dituzte desagertutako bi gizonak.

Egun guztian zehar, goizeko 8.00etan hasi eta arratsaldeko 18.00ak arte, Zaldibar Argituk herritar oro animatzen du lore-eskaintza egitera. Zallan, Beltranen familiaren ekimenez egin da eta herri plataformaren atxikipena jaso du.

Arratsaldean, burrunbada

Arratsaldeko 20.30ean, bost minutuz, Euskal Herriko balkoietatik zarata ateratzera animatzen ditu herritar oro Zaldibar Argitu plataformak. Oraindik ere gardentasuna falta dagoela ohartarazten dute eta oraindik ere erantzunkizunik hartu gabe jarraitzen dutela enpresa pribatuko arduradunek zein Lakuako Gobernuko zenbait ordezkarik.

Burrunbada bukatzean eta apirilaren 6an egin legez, bi kandela piztera gonbidatzen du herri mugimenduak, Beltran eta Sololuzeren omenez. Honekin batera, pasa den hilean aurkeztu zuten ‘Zaborrezko munstroa’ kantua bozgorailuetan jartzeko deia egin du. «Herriak erantzunak eta erantzunkizunak behar» dituelako eta «herriak Joaquin, Alberto gertuko, etxeko behar» dituelako.