Lakuako Gobernuak emandako osasun gomendioak tarteko kalean elkarretaratzerik antolatzeko aukerarik ez dagoela mahaigainean jarri ondoren Bidasoako Martxoak 8 Asanblada Feministak atzo Angelun gertatu zen «hilketa matxista» salatu du gaur plazaraturiko ohar baten bidez.
89 adineko gizonezko batek 83 urte zituen bere emazteari tiro egin eta sorospen zerbitzuei deitu ostean bere buruaz beste egin zuen.
Nahita eginiko hilketari buruz ikerketa zabaldu zuen Baionako Fiskaltzak. Bere aldetik Angeluko auzapez den Claude Olivek «adosturiko heriotza bikoitza» izan zela esan zuen Mediabask hedabideak atzo iluntzean plazaratu zuen informazioaren arabera.
«Bizitzeaz nekatu ziren» azaldu zuen auzapez eskuindarrak. Bere esanetan mezu bat agertu zen «ados zirela hiltzeko» jakitera emanez.
Iaz mota horretako eraso bi gertatu ziren Lapurdin, bata Urruñan eta beste Bardozen. 80 urteko gorako gizonezkoek eskopetaz emazteak hil ondoren haien buruaz beste egin zuten orduan ere.
Konfinamendu garaiak emazteen babes eskasia areagotu duela agerian utzi du gaur plazaratu duen oharrean Bidasoako Martxoak 8 Asanbladak.
«Egungo egoeraren ondorioz, emakumeak are gehiago bizi dira babesik gabe, eta, horregatik, behar diren bitarteko guztiak jarri behar dira beren eskura egoera hori jasaten ari direnei babesa eta laguntza emateko», adierazi du.
Salaketa karrikara eramateko zailtasunen gainetik emazte bat gehiago ere ez dela bortxa matxistaren ondorioz hil behar «ozen oihukatu du» Bidasoako Martxoak 8 Asanbladak.