Covid-19ak sortutako egoerari aurre egiteko Kohesio Sozialerako eta Ekonomia, Enplegua eta Kultura suspertzeko Neurrien Plana aurkeztu du ostiral honetan Bilboko Udalak. Plan horren inguruan akordio bat lortzeko «batasuna, konfiantza eta elkarlana» izan direla «gakoak» adierazi du, Jone Goirizelaiak, EH Bilduko Bilbo udal taldeko bozeramaleak.
Plan horrek EH Bilduk sozial, ekonomi eta kultur arloko bere proposamen ugarien zati handi bat jasotzen duela argitu du Goirizelaiak, «pertsonen zaintza eta ongizatea helburu beti premisa nagusitzat hartuta» nabarmendu du.
«Covid-19ak eragindako osasun krisia hasi zenetik, arduraz jokatu dugu, Udal Gbernuari proposamenak helaraziz, bilbotarren unean-uneko beharrei erantzuteko, kalean bizi direnen alde, pertsona nagusien eta umeen alde, mugikortasunerako neurriak proposatuz eta abar», adierazi du Goirizelaiak.
Halaber, bultzada sozialerako eta suspertze ekonomikorako proposamen bat aurkeztu zuen koalizioa subiranistak apirilean. Bertan, babes laguntza sozialak, zerga-hobariak eta hiriko jarduera ekonomiko eta kulturala aktibatzeko neurriak jasotzen ziren.
Goirizelaiak azaldu duenez, Udalak aurkeztutako planak EH Bilduk proposatu dituen neurri eta partida «asko» sartzen ditu, eta, bere esanetan, horiek «ezinbestekoak» dira. «Beste batzuen artean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eta Prestazio Ekonomiko Berezien zenbatekoak 3,5 milioi eurora igo dira eta baldintzak malguak izango dira, eskuragarriagoak izateko; bestetik adinekoen, emakumeen, haurren eta etxerik gabeko herritarren aldeko neurriak eta arrakala digitalari aurre egiteko inbertsioak ere jaso ditu planak», argitu du.
Enpleguari dagokionez, Bilbao Ekintzaren Enplegu Planak bultzatzeko hasierako zenbatekoak handitu direla nabarmendu du EH Bilduk, baita «kontsumo lokala estimulatzeko erosketa-bonuak ere ugaritu dira, saltzaileen eta erosleen alde».
Ildo berean, Goirizelaiak esan duenez, EH Bilduk kultur agenda suspertzeko abiarazitako ekimenetako batzuk ere gehitu dira planean, eta, aldi berean, euskarazko kultur ekoizpenerako laguntzak gehitu dira.
«Ariketa kolektiboa»
«Premiazko plan bat dugu, premiazko neurriak dituena, eta berehala jarri behar ditugu martxan neurriak; izan ere, Bilboko herritar guztiei lehen baitlehen laguntzen hastea tokatzen zaio Bilboko Udalari, eta bidean ikusiko dugu ea proposatutakoa nahikoa den ala bultzada publikoa handiagoa izan behar den», adierazi du Goirizelaiak.
Bere esanetan, gaur aurkeztutako Udal Plana «guztiok egiten ari garen ariketa kolektiboan pieza bat gehiago; sarean milaka bilbotar egiten ari diren ariketaren beste pieza bat». Gaineratu duenez, «danak lotuta goaz aurrera: osasun arloko langileak, auzoetako elkartasun-sareak; garbitzaileak, gizarte-langileak, irakasleak, sindikalistak, etxetik urrun konfinatuta dauden bilbotarrak eta euren senideak, haurrak, aitite-amamak…».
Azkenik Jone Goirizelaiak gogoan izan ditu «bidean joan zaizkigun auzokideak» eta bilbotarrak animatu ditu etorkizunera begira «baikor» azaltzeko, «gora bihotzak» aldarrikatuz.