NAIZ

«Normaltasunera itzulerarik ez!», Robert de Nirotik Madonnara, 200 artista eta zientzialarien deia

Frantziako ‘Le Monde’ egunkarian argitaratu duten deialdi batean, herritarrei eta agintariei bizimoduen, kontsumoen eta ekonomien sakoneko aldaketa bat eskatu diete.

Normaltasuna
Normaltasuna

Mundu osoko aktore, idazle, zientzialari eta Nobel saridun ugarik deialdi globala zabaldu dute, Covid-19aren pandemia tragedia bat dela jakinda, baina, krisi honek, hala ere, bertute bat daukala aitortuta: «funtsezko galderei erantzutera gonbidatzen gaitu». Sinatzaileentzat egungo egoeraren balantzea oso sinplea da: «Egokitzapenak ez dira aski, arazoa sistemikoa da».

Bere ustetan, martxan dagoen hondamendi ekologikoak «metakrisi» bat aurreratzen digu. «Planetaren bizitzaren desagertze masiboaren» inguruan ez dute zalantzarik eta adierazle guztiek «mehatxu existentzial» zuzena erakusten digute. Pandemia batekin –bere larritasuna gora behera– ez bezala, hondamendi global bat da eta «bere ondorioak neurtezinak» izango direla uste dute.

Egundaino nagusitu logika «sostengaezina» dela diote eta bertatik atera behar garela aldarrikatzen dute, «helburuen, balioen eta ekonomien birsortze sakon» batetara jo behar dela aurreratuz. Kontsumismoak bizitza bera ukatzera eramaten gaituela sinetsita, «landareena, animaliena eta gizaki askoren» bizitza, kutsadurak, beroketak eta naturguneen suntsiketak «haustura puntu» batetara eraman gaituela diote.  

Arrazoi horiek guztiengatik, gero eta handiagoak diren desberdinkeria sozialekin batera, beraientzat «pentsazezina» da «normaltasunera itzultzea». Behar-beharrezkotzat jo dute «eraldaketa erradikal» bat, maila guztietan eman behar dena, eta horretarako «kemena eta ausardia» eskatu dute. Argi dute, halaber, eraldaketa hori ez dela gertatuko «konpromiso masibo eta engaiatu» bat gabe eta, hartara, «ekintzak» eskatu dituzte: «Bizirik irauteko kontu bat» delako, «duintasuna eta koherentzia bezainbestekoa».