NAIZ

Eskola eredu berria «birpentsatu eta marrazteko» garaia dela aldarrikatu du Sortzenek

Egoera berezi honetan eskoletara bueltatzearen inguruko bere iritzia plazaratu du Sortzenek. Baliabide gehiago esleitzea beharrezko ikusten du: «Irakasle eta hezitzaile gehiago, ratioak txikitu, espazioak zabaldu, metodologia berriak landu, aisialdia euskaraz eta abar luze bat».

Justu duela urtebete Iruñean egin zen Sortzenen jaiaren irudi eder bat. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Justu duela urtebete Iruñean egin zen Sortzenen jaiaren irudi eder bat. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ziurgabetasunez beteriko garai zailotan, Sortzen elkartea jakitun da ez dela erraza izango eskoletara bueltatzeko plan egokia diseinatzea. Gai honen inguruko erabakiak hartzerakoan oso garrantzitsua iruditzen zaio euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteari hainbat kontu aintzat hartzea: alde batetik, Nafarroako eskola kontseiluaren txostenak ematen dituen aholkuak. Eta, bestetik, antolaketa prozesuan hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bermatzea.

«Orain egun batzuk, gurasook inkesta bat jaso genuen, zeinetan hiru galdera eta oharrak atxikitzeko aukera ematen zitzaigun. Horietako galdera bat, soilik 3-6 urte bitartekoentzat zen. Orduan, 6-12 urteko haurren zaintza eta heziketa prozesua ez da kontuan hartu behar? Eta beste etapak? Familia guztien eta gizarte osoaren ardura da Hezkuntza publikoa eta kalitatekoa jaso ahal izatea, eskubidea da, eta hori bermatu beharra dago», aldarrikatu du Sortzenek.

«Eskolak hainbat haur eta gazteren beharrak bete eta asetzen ditu. Ikasleak erdigunean jarriz, inkesta horretan beste galdera batzuen falta sumatu dugu, eta inkesta bete aurretik ere, argibide batzuk jasotzea ere behar-beharrezkoa litzateke», erantsi du.

Ratioak jaisteko beharra

Elkartearen ustez, bada garaia zaintzaren garrantzia ikusarazteko. «Eskola ez da haurrak uzteko tokia, eskolak eta ikas komunitate osoak bere funtzioa du, funtzio hezitzailea, hain zuzen ere. Eta, horregatik, berriz ere diogu egoera berezi honek ratioak jaisteko beharra argi eta garbi utzi digula», azpimarratu du.

«Ikasle bakoitzak, bakarra den heinean, beharrak ere desberdinak ditu, eta egoera honetan, oso garrantzitsua deritzogu ikaslea erdigunean jarriko duen, eta behar horiek aseko dituen ikasturte amaiera eta hurrengo ikasturte berria ondo diseinatzeari», agertu du.

Horretarako, baliabide gehiago esleitzea behar-beharrezko ikusten du: «Irakasle eta hezitzaile gehiago, ratioak txikitu, espazioak zabaldu, metodologia berriak landu, aisialdia euskaraz eta abar luze bat». Aipatutako guztiak aurrekontu handiago baten beharra agerian uzten du Sortzenen iritziz.

Beraz, garbitasun neurri, elkarrenganako distantzia eta Osasun Sailak ematen dituen gomendioez gain beste neurri eta aldaketa horiek ere ezinbestekotzat jotzen ditu eskola publiko berria eraikitzeko. «Birpentsatu eta marraztu dezagun etorkizuneko eskola eredua, momentua aprobetxatuz, berrantolatuz eta eskola berria eraikiz egunez egun!», egin du deia.