NAIZ
GASTEIZ

Ikastetxeetako garbitzaileen ustez, maiatzaren 18an geletara itzultzea presaka hartutako erabakia izan da

EAEko ikastetxeetako garbitzaileen ustez, maiatzaren 18an geletara itzultzea presaka hartutako erabakia izan da, LABek adierazi duenez. Ez zaie itzulera-plan berririk jakinarazi, egokitzapen-protokolorik entregatu edo jarraibide espezifikorik eman, egoera berri honetan ikastetxeen higienizazio egokia bermatzeko.

Hernaniko ikastetxe bat. (Jon URBE / FOKU)
Hernaniko ikastetxe bat. (Jon URBE / FOKU)

EAEko ikastetxeetako garbitzaileen ustez maiatzaren 18an geletara itzultzea presaka hartutako erabakia izan dela ohartarazi du LABek. «Hezkuntza Saileko garbitzaileek salatu dutenez, ikasgeletara itzultzeko egun gutxi falta direnean ez zaie itzulera-plan berririk jakinarazi, egokitzapen-protokolorik entregatu edo jarraibide espezifikorik eman, egoera berri honetan ikastetxeen higienizazio egokia bermatzeko», adierazi du sindikatuak.

Hezkuntza Saileko langile publikoek eta garbiketa-kontraten langileek osatzen dute EAEko ikastetxeetako garbitzaileen taldea. 

LABek ohar batean adierazi duenez, «zerbitzuaren arduradunek bi hilabete izan dituzte zentroak noiz eta nola irekiko ziren aztertu eta egokitzeko, baina gaur egun ez dute inolako aldaketarik jakinarazi garbiketa zerbitzuari dagokionez».  «Ez dago ikastetxeak higienizatzeko protokolo berririk, ez zaie desinfekzio prestakuntzarik eman, ez eta egoera berrietara egokitzeko jarraibiderik komunikatu ere», gaineratu du.

«Herritarroi arreta handiz ibiltzeko eskatzen zaigun une batean, deseskalatzeko 1. fasea deiturikoa mugatuz, zentroak irekitzeko baimena eman dute, garbiketa zerbitzua nola egokituko den aztertu gabe, haien osasungarritasuna bermatu ahal izateko », dio sindikatuak, eta Hezkuntza Sailari eta Gobernuari erantzukizunez jokatzeko eskatzen die, «atzera egiteko eta presak alde batera uzteko».

Sindikatuaren ustez, «bilerak egiteko garaia da, nolanahi ere, irailean abiarazi beharko diren higiene eta osasun neurriak lantzeko eta eztabaidatzeko, denon artean ikastetxeak ikasleentzako eta bertan zerbitzua ematen duten langileentzako gune seguruak izango direla bermatzeko».

«Garbiketako langileei prestakuntza emateko unea da, produktu eta teknika egokienak aztertzeko, zerbitzua berrantolatu eta indartzeko, lanaldia luzatuz eta kontratazio berriak eginez, norbera babesteko ekipamenduen hornidura ziurtatzeko, eta hezkuntza-komunitate osoaren osasunaren zaintza bermatzeko. Hori guztia egin arte, ikastetxeak irekitzea benetako arduragabekeria da», esan du.