NAIZ

Elkarretaratzea egin dute Iruñeko espetxean, covid-19aren garaian «SOS presoak» oihukatuz

Konfinamendua arintzen hasi den honetan, #SOSPresoakCovid19 kanpainaren sustatzaileek berriz exijitu diote Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari preso dauden pertsonen eskubideak errespeta ditzala eta deskonfinamendua jendartean egiten ari den irizpide berekin egin dezala kartzeletan ere.

Iruñeko espetxearen aurrean aldarria gaur. (Iñigo URIZ | FOKU)
Iruñeko espetxearen aurrean aldarria gaur. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hainbat eragilek egin dute bat #SOSPresoakCovid19 kanpainako adierazpenarekin, kolore guztietako sindikatuek, alderdi politiko ugarik (tartean EH Bildu, Geroa Bai, Podemos eta Nafarroako Ezker Batua, baita CUP kataluniarra ere) eta hamaika eragile sozialek: Nafarroako SOS Arrazakeria, Ahaztuak 1936-1977, Mugak Zabalduz Karabana, Iruñeko Peñen Federazioa...

Sindikatuen artean erabateko sostengua lortu dute, guztiek bat egin baitute aldarrikapanerakin: ELA, CCOO, UGT, LAB, Steilas, ESK, Hiru, CNT, CGT-LKN, Solidari eta EHNE.

Astearte honetan Iruñeko kartzelaren aitzinean egin duten elkarretaratzean eskerrak eman dizkiete guztiei. Nafarroako Gobernua, Parlamentua eta Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean ere egin dituzte elkarretaratzeak.

Eta, itxura denez osasun krisia beste fase batean sartu den honetan, berriz exijitu diote Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari presoen eskubideak errespeta ditzala eta deskonfinamendua jendartean egiten den aldi berean eta irizpide berberekin egin dadila kartzeletan ere.

Apirilaren 22an plazaratu zuten #SOSPresoakCovid19 kanpaina Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasuko Gurasoak plataforma eta Sare Herritarrak elkar hartuta. Kanpainaren bitartez Nafarroako jendartea deitu zuten Gobernu espainiarrari helarazi dioten eskaera babestera: Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak presoen eskubideak errespetatzen dituzten neurriak har ditzala Covid-19ari aurre egiteko.

Ekiimeneko kideek txosten labur bat prestatu zuten, euren ustez kartzeletan konfinamendua arintzeko kontuan hartu beharreko neurriak bilduz. «Duela bi aste eman genien txostena bai Justiziako kontseilariari bai Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari», jakinarazi dute.

 Arrisku taldeak, kalera

Txosteneko zenbait puntu nabarmendu dituzte, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak bere deseskalatze planean, maiatzaren 13an EAOn argitaratu zen egitasmoan, aipatzen edo aintzat hartzen ez dituenak.

Alde batetik, Covid19aren aurrean bereziki ahulak diren taldeetako presoak kartzelatik ateratzeko eskatzen dute: 65 urtez gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edo haiekin batera kartzelan preso seme-alabak dituztenak. «Eskatzen dugu, halaber, aske utz ditzatela zigor laburrak dituztenak, alarma egoeraren aurretik ere irteteko baimenak zituztenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak».

Bestetik, egia bada ere familiako eta gertukoekiko komunikazioak berriro hasi direla, kristala tarteko, bai eta espetxeetako baimenetako irteerak ere, bi kasuetan baldintzatuta daudela ohartarazi dute, mugikortasunerako ezarritako mugak bete behar baitira nahitaez (probintziatik ez ateratzea). Horren ondorioz, zigorra bere jatorritik urrun dagoen kartzela batean betetzen ari denak ez du praktikan bisitarik jasoko, ez eta baimena hartzeko aukerarik izango ere.

«Horregatik, eta kontuan hartuta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak presoen eskubideak urratzen dituela, ez baitu betetzen lege agindua, hau da, presoek errotuta dauden tokiko kartzelan betetzea zigorra, eskatzen dugu salbuespen gisa joan-etorri horietarako baimena eman dadila, presoek ateratzeko baimena izan dezaten eta familiakoek eta gertukoek bisitak egin ditzaten», azaldu dute.

Deseskalatze fasean jasotzen denez, kartzela barreneko jarduerek berriro hasi behar dute. Iruñeko espetxean, ordea, ez dira oraindik berrezarri eta elkarte batek ere ez du baimenik bertan sartzeko.

«Borondate politikoa da kontua, eta garai hauetan inoiz baino gehiago borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren esanetara egon behar du. Preso daudenen kasuan ere bai», aldarrikatu dute.

Patxi Ruizekin kezkatuta

Patxi Ruizen egoeraz galdetuta, Txantreako presoak bizi duen egoerarengatik kezka azaldu dute. Presoak Murtzia-II espetxean bizi duena salbuespen legediaren eta urruntzearen ondorioa direla gaineratu dute. Salbuespeneko araudirik egongo ez balitz, ez zen halako egoerarik gertatuko», nabarmendu dute.