Beasaingo Udaletxe plazan elkartu dira, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiruk deituta, hainbat lagun, lan-istripu hilgarrien kontra protesta egiteko. Goierriko herri honetan, 29 urteko akrobata batek galdu zuen bizia joan den astelehenean, igandean entrenatzen ari zela eroriko bat izan ondotik.
Unai Aizpuru LABeko ordezkariak Efe agentziari adierazi dionez, elkarretaratzearen xedea Euskal Herrian gertatzen diren lan-istripu hilgarrien «odolustea» salatzea eta gelditzea da. «Istripuok ez dira kasualitatearen ondorioz gertatzen, laneko prekaritatea bultzatzen duen neoliberalismoagatik baizik», argitu du.
LABen datuen arabera, jada 33 langile hil dira aurten, hiru aste honetan bertan. Horiei Zaldibarreko zabortegian desagertutako beste bi langile gehitu behar zaizkie.
Patronala jo du arduradun LABeko kideak, «interes ekonomikoak pertsonen osasunaren gainetik» jartzen dituelako, baita Lakuako Gobernua ere, «ez dituelako beharrezko neurriak hartzen».
Iñigo Urkulluren exekutiboari soluzio bat eskatu dio Aizpuruk, garapen ekonomikoa eta lan segurtasuna uztartuko dituena.
Pandemian, «are babesgabeago»
ELAko Izaro Mujikak erantsi du Covid-19aren pandemiak sortutako egoerak «are zaurgarriago» egin dituela eta «are babesgabeago» utzi dituela langileak.
Aizpuruk bezala, Mujikak ere neurriak har ditzala exijitu dio Lakuako Gobernuari, «segurtasun eta osasun arloetan legea betetzen dela bermatzeko».
Santurtzin
Asteazkenean, Vulcanizados Retuerto enpresako 38 urteko langile bat hil zen Bilboko Portuan. Eta bertako enpresa batzordeek elkarretaratzera deitu dute eguerdirako; estibak, Bilboko Portuko Agintaritzak, amarratzaileek eta barruko trafikoan ibiltzen diren langileek, alegia. Portuko sarreran izan da elkarretaratzea, Santurtzin.
Portu honetan bertan aurten bi langile hil direla salatu dute.