Osasun krisiak eragindako etenaldiaren ostean, gaur egin dituzte lehen izendapen ofizialak Bidarte, Kanbo, Milafranga, Angelu eta Luhuson. Modu berean, jada udal gobernua osatua duten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gainontzeko 137 udalerriek maiatzaren 28a bitartean egin beharko dute eraketa ofiziala. Aldiz, auzapeza hautatzeko bigarren itzulia behar duten herrietan, ekainaren 28an izango dira udal hauteskundeak.
Ezohiko egoeran burutu dira udal osaketak, oraindik osasun larrialdiaren eraginez ezarritako hainbat betebehar indarrean baitira. Bidarten esaterako, udal aretoan pertsonen arteko gutxieneko distantziak bermatzea ezinezkoa zenez, "Kirolak ezker pareta" izena duen frontoian egin dute bilkura.
Beraz, frontoi batean jaso du auzapez makila Emmanuel Alzurik, Bidarte Bihotzetik alderdiko buruak. Bilkura bitxia izan da. Kantxaren erdian ezarri dituzte hautetsi eta idazkarientzako mahai eta aulkiak. Ikusleen artean gizon bakar bat ere ez, eta hautetsien artean, ostera, 15 gizon eta 14 emakume.
Udal eraketa lekuz aldatzeaz harago, ez dute aparteko neurririk hartu Bidarten. Sarrera-irteera egiteko ate bera erabili dute eta inork ez zuen maskararik bilkura hasi artean. Horrela, hautetsi berriak eserlekuetan eseri eta maskarak jantzi ostean hasi da bilkura Bidarten. Goizeko hamaiketan puntuan ekin diote banan-bana hautetsien zerrenda pasatzeari, eta inor falta ez zela ziurtatu ostean, udal gobernu berriaren eraketa ofiziala hasi da.
Gauza bera egin dute Luhuson, Milafrangan, Kanbon eta Angelun. Azken hau, Ipar Euskal Herriko bigarren hiri handiena da, Baionaren atzetik, eta Bidarten bezala, azken legegintzaldian auzapez izan zen Claude Olive kontserbadoreak errepikatuko du datorren legegintzaldiko agintaldia.
Auzapez gehienak jada hautatuak
Gaurkoan, bost udalerri osatu dira ofizialki, baina maiatzaren 28a baino lehen Ipar Euskal Herriko 137 udaletxeetan gauza bera egingo dute. Horien artean lehen aldiz emakumezko bat alkate izango duten herriak izango dira, Hazparnen kasu, Beñat Inchauspe auzapez ohia garaitu ostean, Isabelle Pargadek hartuko baitu lekukoa.
Lehen itzulian gehiengoa lortu ez zutenez, bigarren itzuli bat egin behar duten udalerriak ez dira asko. Guztira 18 herri dira egoera horretan aurkitzen direnak eta ekainaren 28an hauteskundeak ospatuko dituztenak. Haien artean dira Lapurdi eta Zuberoako hiriburuak, alegia, Baiona, eta Maule. Eta baita Hendaia, Biarritz edo Ziburu bezalako herri esangurastuak ere.