Lanbide Heziketan nabaritu da bereziki EAEko Hezkuntza eta Kultur sailek baimendutako ikasgeletarako itzulia. Ikastetxe publikoetan denetarik izan da, baina betiere ikasle gutxirekin. Eta ikastoletan berriz, gutxi-gutxi izan dira ateak zabaldu direnak.
Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsotik aurrera, gaur astelehenetik irakaskuntza presentziala abian da berriz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, baina bi berezitasun garrantzitsurekin: ikasketei dagokienez, gauza bat edo besterengatik ahalegin berezia behar duten ikasleak bakarrik aritu dira, esaterako selektibitateari uztailean aurre egin beharko diotenak; eta osasun segurtasunaren aldetik, kopuru txikiekin osatu dira ikasgela berrituak, ikasle guztiak derrigorrez maskara jarrita zutela eta elkarrengandik ohi baino distantzia handiagoak gordez.
Datuak ez dira oraindik ezagutarazi, baina itxuraz Hezkuntza Sailak hasieran nahi zuena baino jarraipen dezente eskasagoa izan du berrirekiera honek. Ikasle talde batzuek ez joateko deia egin dute. Eta sindikatuek agerraldia egingo dute 11.30ean, osasun berme guztiak exijitzeko asmoz.
Eta ez da ahaztu behar Cristina Uriarte sailburuaren hasierako asmoak –eta iragarpenak– maiatzaren 18a zuela abiapuntu. Estatuko Gobernuak ez zuen hori baimendu, ikasgeletarako itzulera Hego Euskal Herrian gaur hasi den deseskalatzearen 2. fasera arte guztiz debekatua zen eta.