NAIZ

Arcelor Mittal-en «xantaia» salatu du LABek eta ABEEren aurkako errekurtsoa aurkeztuko du

LAB sindikatuak «xantaia»tzat jo du atzoko Arcelor Mittal enpresak sindikatuei egindako proposamena eta salatu du lan-erreformari esker enpresak mehatxuak egin ditzakeela. Gauzak horrela, LABek EAJri eskatu dio lan erreforma ez indargabetzeko «konplize» ez izateko.

Arcelor Sestaoko fabrika. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Arcelor Sestaoko fabrika. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

LAB sindikatuak salatu duenez, Arcelor Mittal eta sindikatuen artean ospatutako bileran «argi geratu zen enpresak ez zuela ezer negoziatzeko asmorik». Sindikatuak jakinarazi duenez, enpresak mahai gainean Asturiasen negoziatu ziren edukiak besterik ez zituen ipini.

«Izapide hutsa izan zen atzokoa, negoziazio mahaitik kanpo hartutako erabaki bati legezkotasun berniza ematen saiatzeko eta, horrela, errekurtso judizialek aurrera egitea zailtzeko», gaitzetsi du LABek.

Gainera, LABek adierazi du enpresak oso argi utzi zuela «proposamena ABEErekin lotutako edozein mobilizazio sindikali uko egitearen baldintzapean zegoela». Jarrera hori «xantaia»tzat jo du eta salatu du Arcelor Mittalen proposamenak okertu egiten duela gaur egun indarrean dagoen ABEE; izan ere, enpresak soldataren %75 baino ez du osatuko, gaur egungo %94aren aldean.

UGTk, CCOOk eta USOk ABEE sinatu ez duten arren, LABen ustez, «amore eman dute berriro» aurreikusitako lanuzteak bertan behera uztea onartu baitute eta uko egin baitiote mobilizazioari.

«LABek, bileran jasota geratu zenez, ez dio ezeri uko egiten, eta iragarri genuen bezala, errekurtsoa jarriko dugu auzitegian», jakinarazi du.

Azkenik, LABek azaldu du «enpresak ez lituzkeela bere mehatxuak eta xantaiak egingo lan erreforma indarrean egongo ez balitz» eta eskatu dio EAJri lan erreforma osorik indargabetzeko «lanpostuak suntsitzen dituzten eta gehiengo sozialaren lan baldintzak prekarizatzen dituzten botere ekonomiko handien konplize» ez izateko.

ELAk inpugnatu egingo du

Bere partetik, atzo ELAk jakitera eman zuen Arcelor Mittal enpresaren ABEEari helegitea inpugnatuko duela. «ELAren ustez, enpresak tarte nahikoa du planteamendu hobea egiteko. Gainera, azken asteetan mahaitik kanpo egindako negoziazioak izan dira, eta dinamika horiek enpresaren interesen alde baino ez dute egiten», azaldu zuen sindikatuak.