Naiz
Gasteiz

32 euskal artistak euren bizipenak erakutsiko dituzte ‘#ResiliART’ erakusketa birtualean

ARTgia Sorgune & Aretoa galeriak eta UNESCO Etxeak egindako proposamenak 32 euskal artistaren lana biltzen du. Euren lanek erresilientziaren gaia jorratuko dute, eta bizi dugu egoerara begira jarriko dira beste behin.

Erakusketan parte hartuko duten hainbat artisten lanak. (ARTGIA)
Erakusketan parte hartuko duten hainbat artisten lanak. (ARTGIA)

Gasteizko ARTgia Sorgune & Aretoak bigarren deialdi birtuala egin du. Oraingoan, UNESCO Etxearen laguntzarekin, erresilientzia sormen mundutik aztertzen duen lagin bat proposatu dute, eta 32 artista aukeratu dituzte. «Beste deialdi publiko bat egiteko gogo handia genuen, deseskatze fase berri honi ikuspegi positibotik begiratuz, moldagarritasunera eta gainditzeko hausnarketetara bideratua. Euskal Herrian sortzen dena erakutsi eta erakusteko gogoa duten hemengo artistei irekia. Tokiko lupa altxatuz, kontzeptuari zentzu zabalagoa eta irekiagoa emanez», azaldu dute.

Bi kolektiboen arteko batasuna eta apustua beharrezkoak izan dira deialdi berri honen gastuak arintzeko. «Deialdi bat egiteak kostu ekonomikoa du beti, nahiz eta erakusketa birtuala izan.Lankidetzaren alde egin nahi izan dugu, gizartea aberasten, eraldatzen eta hobetzen duten balioak defendatzearen alde. Erakusketa bi arrazoirengatik eraman behar da aurrera: batetik, horrelako une historiko batean adierazpen-premia nabarmena dagoelako, eta, bestetik, kulturak bizi duen egoera larria ere agerian utzi behar delako, krisialdi batetik irten gabe, bete-betean, beste kultura batean sartu baita», azaldu dute Begoña Lopez de Aberasturik eta Irantzu Lekuek.

Webgunea aukeratutako artisten ibilbideak, sorkuntzak eta hausnarketak erakusteko tresna da. Bere lanak ikusaraztea eta beren gogoeten eta hausnarketen zabaltzea errazten du. Publikoen interakzioa ahalbidetzen du eta haien obren online salmenta sustatzen du baita ere. «Jendearengana iristeko metodo berri bat da. Berrikuntza eta egokitzapen etengabea eguneroko ogia da eta horrela jarraituko du gizarte likido honetan» diote.

Artista hautatuak

Euskal Herri osotik etorritako 32 artista izan dira aukeratuak. Lanek mundu bat irekitzen diote introspekziora, identitatera, sentimenduetara... Garapen Jasangarriaren Helburuetan oinarritutako mezuekin, erresilientzia hautu gisa. Gizakiaren ezaugarrietan zentratzen da, hala nola moldagarritasunean edo gainditze prozesuan.

Sara Berasaluce argazkilariak eta Eduardo Altsasua artistak, ARTgia aretoko beteranoek, ‘#ResiliaART’-en proposatutako formatu birtualaren alde egin dute oraingoan. Horiez gain, beste 16 arabar, 7 bizkaitar, 2 gipuzkoar, 4 nafar eta lapurtar bat daude. Hautatukoen artean askotariko lanak, teknikak eta belaunaldiak daude. Txaro Marañon artista zeramikaria edota Eider Iturriaga argazkilaria, besteak beste.

‘#ResiliART’, publiko berrietara iristeko sarean agertzen diren artista horien guztien nahiei, borondateei, analisiei, inpotentziei eta abarrei irekitako leiho bat da. Erakusketa maiatzaren 28an inauguratuko da 20.00etan ARTgiaren webgunean.