Naiz
Elkarrizketa
Dorothée Nabarra
Lakarriko auzapez berria

«Laborari bakarra naiz mendiko eskualdeko herri baten udalbatzan»

Udalen eraketa prozedurak hainbat aldaketa eta baita ezustekoren bat edo beste ere ekarri dute Ipar Euskal Herrian. Hala gertatu zen igandean 130 biztanle dituen Zuberoko herri batean. 30 urtetan metatu dituen postu ezberdinek ez zioten mesederik egin Dominique Boscq Lakarriko auzapezari. Laborari emazte batek, Dorothee Nabarrak, eskuratu du aginte makila.

Dorothee Nabarra, Lakarriko auzapez berria. (Guillaume FAUVEAU)
Dorothee Nabarra, Lakarriko auzapez berria. (Guillaume FAUVEAU)

6 boto Dorothee Nabarrarentzat, 5 boto Dominique Boscqentzat. Lakarrin auzapeza hautatzeko eginiko bozketak ezustekoa ekarri du. Igandean gauzatu zen bozketaren ostean auzapez kargua hiru hamarkadatan izan duen agintariak «azken uneko amarruari esker» irabazi izana bizkarreratu zion Nabarrari.

Azken honek urratsa egiteko bere arrazoiak azaldu dizkio ‘Mediabask’ hedabideari eskainitako elkarrizketa baten bidez.

«Dominique Boscqekin batera sartu naiz Herri Kontseiluan, eta lehenengo agintaldietan gauzak aitzinatu direla errango nuke, alta, une batetik aurrera auzapezak herritik kanpo ardurak hartu zituen: Ur Sindikatuaren lehendakaria, Zuberoko Herri Elkargoko lehendakaria, Bil ta Garbi Sindikatuko lehendakariorde, Euskal Elkargoko lehendakariordea…» azaldu du Lakarriko auzapez berriak.

Bere erranetan ibilbide horrek herritarrengan arrangurak sortu zituen. «Hala eta guztiz ere hor jarraitu dut, lan egiten, ezin nuelako ontzat eman mendi eskualde batean dagoen Lakarri herrian laboraririk ez izatea Herriko Kontseiluan, ni naiz bakarra», gehitu du Nabarrak.

Zergatik eman zuen urratsa hautagai bilakatzeko azaltzeko orduan Zuberoan ika-mika handia eragin zuen erabakia izan du aipagai Nabarrak. Hain zuzen ere uraren kudeaketa.

«Zuberoko Ur Sindikatuari emandako kontzesioa amaitzear zelarik, Euskal Elkargoak txosten bat egitea agindu zuen ur hornidura berriro ere zerbitzu publikoa bilakatzeko asmoz, baina Zuberoko auzapezek kontzesio pribatua berritzeko hautua egin zuten», laburbildu du Nabarrak.

Herriko Kontseiluko gainerako kideei deus erran gabe jardun zuen, bere esanetan, auzapez ohiak, eta horrek Lakarriko herritarren artean haserre bizia piztu zuen.

Aferak lehenagotik aurreikusten zen haustura areagotu zuen, eta Nabarrak bere hautagaitza aurkezteko hautua egin zuen.

«Ez naiz trikimailuetan sartu, ez dut kontseilarien botoa eskuratzeko azpijokorik egin, hau ez da Biarritz, hau Lakarri da, denok ezagutzen dugu elkar», nabarmendu du Lakarriko auzapez berria bilakatu ondoren Euskal Elkargoaren baitan 130 biztanle dituen Zuberoako herri txiki hau ordezkatuko duen Dorothee Nabarra laborariak.