Naiz

BBE hautagaitza erretiratu ondoren ekologistek Etchetoren alde eskatu dute botoa

Abertzaleak, ezker hexagonaleko kideak eta ekologistak elkartzen dituen Baiona Berdea eta Elkarkidea (BBE) hautagaitzak «herri eta elkargoko hauteskundeetatik ateratzen zela» baieztatu du. «Ekainaren 28an hautesleek beraien hautua eginen dutela» gaineratu du. Izan ere hautagaitza horren partaide izan den Europe Ecologie-Les Verts alderdiak agiria zabaldu du gaur arratsaldean Henri Etcheto PSko hautagaiaren alde botoa eskatuz.

Sophie Bussiere EELV alderdiko ordezkaria BBEko zerrendaburuetako bat da. (Bob EDME)
Sophie Bussiere EELV alderdiko ordezkaria BBEko zerrendaburuetako bat da. (Bob EDME)

Joan zen martxoaren 15ean iragan zen herriko bozen lehenengo itzulian bozen %13,12 lortu zuen Jean-Claude Iriart eta Sophie Bussiere buru dituen Baiona Berdea eta Elkarkidea (BBE) zerrendak.

Izan ere, lehenengo bozketa horren emaitzek kudeaketa zaila utzi zuten.

Ezkerreko lehenengo indarra izanik Baiona Hiri Irekia buru duen Henri Etchetori egokitu zitzaion negoziaketa prozesua abian ematea bai BBE hautagaitzarekin baita bere alderditik baitatik sorturiko Bihar Baiona zerrenda kritikoarekin ere.

BBEk batzarra egin zuen joan zen larunbatean. Bi botoko aldea Etcheto buru lukeen aliantza errefusatu zuten hautagaitzako kideek. Era berean kide gehienek, aliantza egon ezean, lehiatik kanpo gelditzeko hautua hobetsi zuten.

Batzarrak hartu zuen erabakiari bide emanez ekainaren 28an hautesleek beren hautua eginen dutela adierazi zuen atzo agiri baten bidez BBEk, boto aholkurik eman gabe.

Hala ere, gaur arratsaldean zabaldu duen agiri baten bidez, hitz gogorrak izan ditu Europe Ecologie-Les Verts alderdiak biltzarrean harturiko erabakiari buruz. Are, Sophie Bussiere BBEko zerrendaburuetako baten izenpean plazaraturiko oharrean ekologistek bozketaren gardentasuna kolokan jarri dute.

Agirian bigarren itzulian Etchetoren alde botoa emateko aholkua eman du EELV alderdiak.

Alta, "Medibask" hedabideak aipatu duenez, EELVko bi erreferente ezagunek, François Alfonsik eta José Bovek, beraien harridura azaldu dute idatzi batean «BBE hautagaitzaren partaide izanik» alderdi berdeak Baionan erakutsi duen «leialtasun eskasarengatik».

Era berean Jean-Rene Etchegaray jarduneko auzapezaren engaiamendua nabarmendu dute delako migranteen harrera bermatzeko delako Ipar Euskal Herriko erakundetze prozesua edota gizartearen eskutik bakea eta elkarbizitza sustatzeko.

Lehia hertsia izan zen 2014an

Ekainaren 28an Jean-Rene Echegaray jarduneko auzapez zentrista eta Henri Etcheto hautagai sozialistaren arteko lehia izanen da Baionan.

Euskal Elkargoko buru den Etchegaray garaile atera zen lehenengo itzulian botoen %40,33 eskuratuta. Etchetok, berriz, botoen %29,76 lortu zuen. Baiona Berdea eta Elkarkidea hautagaitza heldu zen hirugarrena (%13,12) eta laugarren izan zen Etchetoren udal taldetik atera ondoren Bihar Baiona hautagaitza bultzatu zuen Mathieu Berge (%11,2).

2014an lehia bizia izan zen Baionan. Etchegarayk 26 botoko aldearekin irabazi zuen bigarren itzulian.