Iratxe Sorzabal preso irundarraren kontra espainiar Justiziak galdegindako laugarren euroaginduaren azterketa bi aldiz gibelatua izan zen. Otsailaren 19an egin behar zen auzia martxoaren 25era atzeratu egin zuten, baina pandemiaren ondorioz bigarren data hori ere bertan behera gelditu zen.
Azkenean, gaur aztertu du Parisko Dei Auzitegia mahai gainean torturaren gaia beste behin mahai gainean jarriko duen auzia.
Gaurko auzian defentsaren alde hitza hartu duen Serge Portelli epaile ohiak adierazi du frantses Justiziak ezin diola izkin egin afera larri horri eta epamahaiari ardurak hartzeko eskatu dio.
Sorzabalek berak hartu du hitza bere nekea adierazteko. Behin eta berriro, torturaren gaineko lekukotasuna eman behar izan duela azaldu du, horrek eragiten duen mina nabarmenduz. Gaineratu du epaileek txosten guztiak beren eskuetan dituztela pairatu behar izan zuena aintzat hartuta erabakia hartzeko, berriro ere «ardura auzitegiaren eskuetan dagoela» oroitaraziz.
Xantiana Cachenaut euskal presoaren abokatuak askotan nabarmendu duenez, Madrilek bideraturiko euroagindu gehienek torturapean egindako adierazpenak izan dituzte froga bakar gisa. Izan ere, Reauko presondegian dagoen preso irundarraren dosierrak ezaugarri bereziak dituela azaldu du.
Alde batetik, espainiar Estatuan berean sakonki dokumentatua dago, nahiz eta espainiar Auzitegi Nazionalak torturen salaketa artxibatu zuen. Bestetik, epaileak horrela onartuta aditu frantsesek txostena egin zuten Istanbuleko protokoloa baliatuz.
Hala, irundarrak 2001ean Guardia Zibilak Hernanin atxilotu ondotik, pairatu behar izan zituen torturei buruzko salaketaren sinesgarritasuna baieztatu zuen txostenak.
Gaurko auzian Cachenautek nabarmendu duenez, «txosten guztiak mahai gainean daude». Hori dela eta, euroagindua atzera botatzeko eskaera berretsi du.
Fiskalak, ordea, epaileari eskatu dio Madrilgo Auzitegi Nazionalari informazio gehigarria galdegiteko. Zehazki, euroaginduan agertzen diren ekintzetan preso irundarrak duen ardura maila jakin nahi du fiskalak.
Torturaren gaineko probak oso zehatzak badira ere, epaile frantsesek Sorzabalen aurka Madrilek aitzinetik igorritako beste hiru euroagindu onartzeko urratsa eman zuten.