Naiz

En Tol Sarmientok lagunei «maitasuna xuxurlatzeko» abestia sortu du itxialdian

‘Zurekin batera’ kanta sortu du En Tol Sarmiento taldeak itxialdian izandako sentipenak jasoz. Jarraitzaileen laguntza izan dute bideoklipa egiteko garaian, eta finean denen artean osatutako abestia lortu dute, lagunei maitasuna helarazteko helburua duena.

En Tol Sarmiento (ETS) taldeak ‘Zurekin batera’ abesti kolektiboa aurkeztu du. Itxialdi egoeran inspiratuta dago eta jarraitzaile eta laguntzaileen ekarpenak izan dituzte kontutan hitzak osatzeko, bideoaren gidoia prestatzeko eta abesterako orduan; nahiz eta hitzak eta musika Iñigo Etxezarretari, eta bideokliparen gidoia eta zuzendaritza Ander Mateos Aurrekoetxeari egotzi, denen artean sortutako lana izan da honakoa.

Abestiak lagunei «maitasuna xuxurlatzea» du helburu, alegia, elkarrengana hurbiltzeko asmoa du. «Amodiozko balada egin dugu besarkatzeko unea iritsi delako, gerturatzeko, denok batera egoteko. Berriro, noski!», azaldu du taldeak. Izan ere, hori da denok nahi duguna, maite ditugunekin egon eta zenbat maite ditugun haiei adieraztea.

Arabako Errioxan, Iekora herrian, sortu zen ETS taldea, 2005ean. Oso gazteak ziren taldekideak orduan eta musikaz gutxi zekiten. Ekinean ikasi zuten, Kaotiko, La Polla Records, Kortatu, Piperrak, Boikot eta Reincidentes bezalako taldeen eraginpean. Laster kanta propioak sortzen hasi ziren eta Euskal Herriko panoraman ezinbestekoa izaten hasi ziren.

Iaz Herri Urratseko kantua egin zuten eta hori bultzada berri bat izan zen talderentzat. 2019ko abenduan, gainera, disko berria atera zuten, ‘Aukera berriak’.