Naiz

Urte hasieratik hartz bi hilik agertu dira Pirinioetan

Ariegeko departamenduaren (Okzitania) mendialdean kokaturiko Aulus-les-Bains herrian hartz bat aurkitu zuten hilik ekainaren 9an. Urte hastapenetik hilik topatu duten bigarren plantigradoa da. Izan ere, apirilean Aran ibarreko (Katalunia) agintariek bost urteko Cachou hartz arraren heriotzaren berri eman zuten, nahiz eta gertaera hori nehoiz ez den publikoki argitu. Anartean, Parisek 500.000 euroko burtsa gehigarria sortu du artaldeak babesteko.

Iaz artzainek hartzen erasoak salatzeko Baionan eginiko protesta. (Guillaume FAUVEAU)
Iaz artzainek hartzen erasoak salatzeko Baionan eginiko protesta. (Guillaume FAUVEAU)

Ekainaren 9an hartz bat tiroz hilda aurkitu zuten Ariegeko departamenduan, Okzitanian. Elisabeth Borne Trantsizio Ekologikorako ministro frantziarrak salaketa jarriko duela iragarri zuen.

Kazeta.eus atariak plazaratu duen informazioaren arabera, urte hastapenetik Pirinioetan hilik topatu duten bigarren plantigradoa da.

Izan ere, apirilean Aran ibarreko (Katalunia) agintariek bost urteko Cachou hartz arraren heriotzaren berri eman zuten, nahiz eta gertaera hori nehoiz ez den publikoki argitu.

Aste honetako hilketa Elisabeth Borne Trantsizio Ekologikorako ministro frantziarrak eman du sare sozialetan. Gisa berean, frantziar Estatuak salaketa jarriko duela adierazi du eta ez da bakarra izanen. Alain Reynes «Pays de l’ours» elkarteko zuzendariak ere iragarri baitu elkarteek salaketa ezarriko dutela, «egileak aurkitu eta kondenatuak izan daitezen».

Anartean, frantziar Estatuak 500.000 euroko gehigarri bat eskaini du Pirinioetan artaldeen, artzainen eta hartzen elkarbizitzarako 2019rako aurreikusiriko burtsarako.

Agintarien arabera, egun 50 bat hartz daude Pirinioetan gaindi. Burtsa honek «artaldeak babesteko» balio beharko luke, bereziki «uda sasoiko etxoletan».

Gisa berean, artzaintzari buruzko diagnostikoak egiteko eta dauden ahuleziak aztertzeko erabiliko dituzte baliabide horiek.

Gogora ekartzekoa da hartzari begirako 2018-2028 planak hartzen askapena aurreikusten zuela populazioa emendatzeko. Esloveniatik ekarritako Sorita eta Claverina emeak helikopteroz utzi zituzten mendian 2018ko urrian.

Tentsio giroa ez da eten ordutik, artzainek manifestazio eta protestak egin baitituzte, uste dutelako udan hartzen eta ardien arteko elkarbizitza ez dela posible. Hilabete batzuk berantago, frantziar Gobernuak plan hori izoztu zuen.