Aurtengo ikasturtea amaitzeko bi aste baino falta ez direnean egin zuen eskolara derrigor itzultzeko iragarpena frantziar Estatuko presidenteak. Ondorioz, osasun krisia hasi zenetik etxean ikasten jarraitu duten ikasleek, oporrak hartu aitzin, aste batez ikastetxera itzuli beharko dute. «Gobernu frantsesak ekintza sinboliko bat egin nahi du, ikasle guztiak ikastetxera itzul daitezela, egun bat bederen, modu horretan normalizazioa erakusteko», adierazi dio NAIZi Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak.
Osasun krisia hasi zenetik laugarren agerraldia egin zuen telebistan Emmanuel Macron presidente frantsesak ekainaren 14an eta beste batzuen artean, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei eragiten dien dekretu berria aurkeztu zuen. Seaskako lehendakariak azaldu duenez, «itxura guztien arabera ikastetxeen kanpo aldeko neurriei dagokienean baldintzak arinduko dira aurrerantzean, baina ikastetxe barruko neurri zorrotzak mantentzeko asmoa du Hezkuntza Ministerioak».
Ikastetxeetan ezarri beharko diren neurri berrien protokoloa ekainaren 16an kaleratuko du Gobernu frantsesak eta orduan jakingo dute ikastetxeetako arduradunek zehazki zein baldintza bete beharko dituzten. Ordea, jada iragarri diren baldintzekin, ikasle guztiak denbora osoz hartzea ezinezkoa dela iragarri dute ikastetxe desberdinetako arduradunek. «Ikastolek ez dituzte ikasle guztiak denbora osoz hartzen ahal», nabarmendu du Peio Jorajuriak.
Eskola pribatuetan zein publikoetan, batez beste 50 metro karratuko azalera izaten dute ikasgelek, gauzak honela, araudi berriak eskatzen duen ikasleen arteko metro bateko distantzia bermatzea ez dela posible iritzi dio Seaskako lehendakariak. Bere hitzetan, «gehienez 15 ikasleko muga eta metro bateko distantzia errespetatzeko, gela gehiago eta irakasle gehiago behar dira, eta guk ez ditugu ez gela gehiago ezta irakasle gehiago ere, alderantziz, ohikoa baino irakasle gutxiago ditugu zeren arrisku faktorea duten irakasleak etxean egotera behartuak dira».
Oporrak eta ikasturte berria
Uztailaren 4an hartzen dituzte oporrak Estatu frantseseko ikasleek, baina oporren aurretik eskolara itzuli beharko dute, bai azken asteetan etxetik ikasten jarraitu dutenek eta baita jada ikastetxeko klase presentzialetara joaten hasi zirenek ere. Hau da, haur eskolatik hasi eta batxilergora, lizeoko ikasleek salbu, gainontzeko guztiek eskolara itzuli beharko dute oporrak hartu aitzin.
Maiatzaren 12an eskoletako ateak irekitzen hasi zirenetik soilik ikasleen %27a itzuli da ikastetxera, gainontzeko ikasle guztiek etxetik ikasten jarraitu dute, ikastaro presentzialak hautazkoak baitziren. Lehenik 11 urte arteko ikasleak izan ziren itxialdiaren ostean borondatez ikastetxera itzultzen hasi zirenak. Horrela, haur eskola eta lehen mailako ikastetxeek ateak ireki zituzten bi hilabetez itxiak egon ostean. Jarraian, kolegioetako ikasleen txanda izan zen eta ondorioz, maiatzaren 18an eskolara itzuli ziren 12 eta 13 urteko ikasleak.
Frantziar Hezkuntza Ministerioak aditzera eman zuenez maiatzaren 25erako maila guztietan klase presentzialak bermatzea espero zuen, baina ‘Le Monde’ egunkariaren bitartez eskainitako datuen arabera, Estatu frantsesean lehen eta bigarren hezkuntzan diren 6,7 milioi ikasleetatik soilik 1,8 milioi ikasle itzuli dira azken asteetan haien ikastetxera.
Ikasturte berriari dagokionean, iraileko lehen astean hasi beharko luke 2020-2021 ikasturteak, baldin eta osasun krisiak okerrera egiten ez badu. Seaskako lehendakaria baikorrago agertu da ikasturte berriari begira indarrean denari begira baino. «Aski optimistak gara ikasturte berriari begira, tartean aparteko ezer gertatzen ez bada, Gobernuak ikasturtea baldintza normaletan hasten utziko duela uste dugu», hausnartu du Jorajuriak.