NAIZ
DONOSTIA

Lau urterako hitzarmena sinatu dute UEUk, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak

Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute UEUk, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak eta uztailaren 16an eta 17an Jakin Jardunaldiak Usurbilen egiteko elkarlan esparrua finkatu eta arautu dute. Pentsamendua eta kultura lantzeko aurrez aurreko leku bat izatearen garrantzia goraipatu dute.

UEU, Jakin Fundazioa eta Usurbilgo Udalaren arteko akordioa. (NAIZ)
UEU, Jakin Fundazioa eta Usurbilgo Udalaren arteko akordioa. (NAIZ)

Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute asteazken honetan UEUk, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak: Jakin Jardunaldiak Usurbilen egiteko elkarlan esparrua finkatu eta arautu dute, 2023ko abenduaren 31ra arteko akordioarekin. Hiruen artean adostutako bigarren hitzarmena da honakoa, eta horren nondik norakoak aurkeztu dituzte Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek, UEUren zuzendari Kepa Sarasolak eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Usurbilgo aurtengo Jakin Jardunaldiak uztailaren 16an eta 17an izango dira eta, akordio honen bidez, aipatu Udalak, batetik, diruz lagunduko du jardunaldien antolaketa, eta, bestetik, horiek egin ahal izateko udal-azpiegiturak utziko ditu. Aurten, 10.000 euroko diru-laguntza bideratuko du; 2021, 2022 eta 2023an, berriz, UEUk eta Jakinek aurrekontu bat aurkeztuko dute, eta horren araberako diru-laguntza jasoko dute.

Lorea Agirre akordioaren balioaz mintzatu da hainbat arrazoirengatik. «Jakinentzat garrantzitsua da hitzarmen hau, batetik jakintza, pentsamendua eta kultura lantzeko aurrez aurreko leku bat ematen duelako, eta horrek geure buruak eta geure herria pentsatzen eta garatzeko bide ematen digulako. Horrelako topaketak beharrezkoak ditugu, elkarrekin pentsatzen jartzen gaituelako eta pentsatzea ere ekitea delako», esan du.

Bestetik, erantsi duenez, «herri ekimeneko erakunde eta erakunde publikoen arteko lankidetza eredu bat delako». Bere iritziz «honelako ekimen mistoak behar-beharrezkoak ditugu denok batera aurrera egiteko eta herri honi etorkizun bat irekitzeko».

Jardunaldien inguruko xehetasunak

Jakin Jardunaldien lehenengo eguna (uztailak 16) aurrez aurre eta online jarraitzeko aukera izango da, eta bigarrengoan guztiz online izango da. Orain arte, lehenengo eguneko egitaraua zabaldu da, eta gaurkoan eman dituzte bigarren egunaren inguruko datuak: Joseba Gabilondo Michigango Unibertsitateko irakasleak distopien inguruko solasaldia eskainiko du, eta ohi bezala, eztabaida izango da parte hartzaile guztien artean. Azken ekitaldi gisa, ezusteko bat ere izango da, baina aurrerago jakinaraziko dute.

Ikastaroan parte har dezakeen lagun kopurua ohi baino murritzagoa da aurten, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. Izatez, plaza guztiak hartuta daude dagoeneko, baina itxaron zerrendan izena emateko aukera zabaldu dute UEUren webgunean. Horrez gain, jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da. Presentzialki zein online jarraituko dutenek, materiala berdin-berdin jasoko dute, eta parte hartzeko aukera izango dute ekitaldien osteko galdera eta iruzkinetan.