Naiz

Nazioarteko artistek #ABAOetxean ekimen birtuala agurtuko dute

Juanjo Mena eta Pedro Halffter orkestra-maisuek, Emilio Sagi eta Calixto Bieito eszena-zuzendariek eta dozena bat abeslarik hartuko dute parte larunbatean estreinatuko duten ikuskizun berezian. Ekimen birtuala itxi ostean, urrian hasiko den denboraldi berrira jarriko dira begira.

Urriaren 24an abiatuko da denboraldi berria. (ABAO)
Urriaren 24an abiatuko da denboraldi berria. (ABAO)

Datorren larunbatean, ekainaren 20an, 19.00etan, agur-ikuskizun hunkigarria estreinatuko da ABAO Bilbao Operaren webgunean, edozeinek ikusteko moduan, #ABAOEtxean agertoki birtualari amaiera emateko.
 
Elkarteak apirilaren 15ean bere webgunean abiatu zuen ekimen digitala Covid-19aren pandemian zehar opera denon etxera eramateko asmoz, salbuespeneko egoera horretan ere «kultura funtsezko ondasuna» zela uste zuelako.
 
Orain, normaltasunera itzultzen ari garen honetan, ez du zentzurik #ABAOEtxean ekimenarekin jarraitzea eta, horregatik, ikuskizun berezia prestatu dute honi amaiera emateko. 15 artista ezagun «maitasunez, talentuz eta zirraraz» inguraturik arituko dira. Larunbatean sarera igoko dituzten edukiak ekainaren 28ra arte ikusi ahal izango dira.
 
Juanjo Mena eta Pedro Halffter orkestra-maisuak, Emilio Sagi eta Calixto Bieito eszena-zuzendariak eta honako abeslari hauek izango dira emanaldi berezian: Marco Berti, Juan Jesus Rodriguez, Joyce El-Khoury, Jessica Pratt, Ismael Jordi, Marko Mimica, Rocio Ignacio, Jorge de Leon, Xabier Anduaga, Vanessa Goikoetxea eta Javier Camarena, besteak beste.

ABAOk esan duenez, ekimenak oso harrera ona izan du eta webguneak 132.000 bisita jaso ditu tarte honetan. Guztira hamar ikuskizun liriko handi, lau kontzertu eta elkartearen orain arteko hainbat une ahaztezin erakutsi dituzte, baita txikiei zuzenduriko zazpi ikuskizun ere.

Era berean, gogoratu du 69. denboraldia urrian hasiko dela Rossiniren ‘Il turco in Italia’ operarekin.