Naiz

Gipuzkoak aparteko Kultura Bonoa martxan jarri du, udan zehar erabiltzeko

Udan erabiltzeko Kultura Bonoa jarri du martxan Gipuzkoako Diputazioak. Guztira 10.416 bonu jarriko dira salgai, literatura, musika eta zinemaren kontsumoa sustatzeko, 8 eurotik 12 eurora bitarteko deskontuekin. Euskarazko produktuek izango dute deskonturik handiena.

Kulturan erosketak egiteko bonoa irailaren 30era arte erabili daiteke. (Gorka RUBIO / FOKU)
Kulturan erosketak egiteko bonoa irailaren 30era arte erabili daiteke. (Gorka RUBIO / FOKU)

Piztu Kulturaren barruan, Harkaitz Millan Kulturako Gipuzkoako diputatuak autonomoentzako laguntza lerro bat eta uda sasoirako aparteko Kultura Bonua aurkeztu ditu. Kultura Departamentuaren helburua pandemiak eragindako osasun larrialdi publikoaren aurrean kultura sektorea suspertzea da.

Uda sasoiari begira, kulturaz gozatzea bultzatu nahi du eta kultur edukien sare komertzial eta banatzailea indartu, hala nola kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen duten liburu dendak eta disko dendak, hala baitagokio Gipuzkoako gizarte moderno eta multikulturalari.

Ezohiko Kultura Bonuarekin 10.416 bonu jarriko dira salgai, 4.168 euskarazko kultur produktuetarako eta 6.258 beste hizkuntza batzuetako kultur produktuak erosteko. Ekimena finantzatzeko, Kultura Departamentuak 100.000 euroko partida prestatu du.

Programara atxikitako establezimendu guztiek bereizgarri bat izango dute, bonua erosi nahi duten pertsonek erraz ezagutu ditzaten. Erosi den establezimenduan bertan kontsumitu beharko da bonua, irailaren 30era arte.

Euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria, 12 euro artekoa, 20 eurotik gorako erosketarekin. Beste hizkuntza batzuetako kultura produktuen bonuaren hobaria, 8 eurora artekoa, 20 eurotik gorako erosketa batengatik.

Bonuak salgai egongo dira liburuak, musika edozein euskarritan eta filmak saltzen dituzten Gipuzkoako dendetan, betiere kanpaina honi atxikitakoetan. Lurralde eta eskualde orekaren eta establezimendu bakoitzaren pisu espezifikoaren arabera banatuko dira.

Bestalde, Millanek iragarri du 300.000 euro bideratu dituztela autonomoen laguntzetara. Diru hori pandemiak eragindako gastuei aurre egiteko erabiliko da, eta laguntza hauek jaso ahal izateko deialdi beri bat egingo dute. Aldundiaren webgunean eskegi dute honen inguruko informazioa.