IBEROSTAR TENERIFE 70 - RETABET BILBAO BASKET 78
«Energia berreskuratu dugu nahiz eta errotazio laburragoarekin jokatu behar. Energia horri esker aurrera egitea lortu dugu, eta bestalde, baliteke Iberostar Tenerifek aurreko porroten pisua gehiago nabari izana guk baino», horra hor Alex Mumbruren analisia «Beltzezko Gizonek» Txus Vidorretaren Iberostar Teneriferi gailendu ostean.
«Gorputza nekatua dago, baina buruak oraindik funtzionatzen du. Ez genuen etxera garaipenik gabe itzuli gura, bat lortzea nahi genuen behintzat eta hara, lortu dugu eta oraindik bizirik gaude», gaineratu du Jonathan Rousselle antolatzaile frantsesak.
Hobeto jokatu du RETAbet Bilbao Basketek Iberostar Tenerifek baino eta merezita lortu du garaipena, Joventuten aurka ihes egiten utzitako aukerak kalterik egiten utzi gabe.
«Joventuten aurka hobeak izan ginen beraiek baino, baina hanka egin zigun partidak. Oraingoan ez diogu ihes egiten laga», bota du Rafa Martinezek, Roussellek taldearen «izaera» nabarmendu duen bitartean. «Urte osoan erakutsu digun izaera azaleratu da oraingoan ere».
Bina porrot zeuzkaten talde biek eta galtzaileak ia ziur agur esan behar zion hirugarren jardunaldiko lehenbiziko partidaren ostean.
Pronostikoetan Txus Vidorretarenak agertzen ziren faborito, baina bilbotarrek beldurrik gabe jokatu dute eta jokoaren zein markagailuaren ekimena ia neureta guztian zehar eraman dute. Berdin dio aurreneko hamar hirukoetatik bi baino ez dituen sartu.
Berdin dio Thomas Schreiner gabe jokatu behar izan duten. Berdin izan dio Tomeu Rigo, Ivan Cruz eta baita Miguel Ruiz 18 urteko antolatzaile bilbotarrak ere minutu dexente jokatu behar izanda ere.
Atsedenaldira 32-33 iritsi dira, Alex Mumbruren gizonen alde. Itxuraz, Iberostar Tenerifek aurrera pauso bat eman behar zuen, baina bizkaitarrak izan dira pausoa eman dutenak.
Hala, hirukoek sartzen hasi dira, Rafa Martinez, Rousselle –13na punturekin, hauek biak izan dira Bilbao basketen saskiratzaile nagusienak– edo Ruizen beraren bitartez. Horrez gain, erreboteetan nagusi izan dira –24 errebote lortu dituzte Tenerifekoek, 39 Bilbao Basketek– eta trantsizio azkarretan saskiratze errazak lortu dituzte.
Vidorretaren taldean Nick Zeisloften hirukoak izan dira beren errekurtso bakarra, baina Bilbao basketek aldea zabaldu egin du apurka apurka, hamar puntuko langa gainditu arte.
Egia da hurrengo jardunaldietan, hurrenez hurren, Bartzelona eta Unicjaren aurka jokatu behar dutela, baina era berean, egia da lehiaketan bizirik jarraitzen dutela.
JOVENTUT 89 - UNICAJA 98
Unicajaren garaipenak Iberostar Tenerife aukerarik gabe laga du eta, era berean euskal talde bien etsai amorratuena izateko bidean jarri du. Asko kosta zaio Malagako taldeari Joventut menpean hartzea, baina bigarren erdian hirukoetan sekulako puntu sorta lortu dute –19tik 9 atsedenaldiaren ostean, aurreneko 20 minutuetan 13tik 3 sartu ondoren–, eta Axel Bouteillek egundoko erakustaldia eman du: 28 puntu, horietatik 19 azken laurdenean.
Nenad Dimitrijevic mazedoniarraren eskutik, Joventut bikain hasi da eta ia atsedenaldira arte aurretik joan da. Errebotea ongi itxi dute Badalonakoek eta hasiera baten, Unicaja ez da gai izan katalanen erritmoari eusteko. alabaina, dario Brizuela donostiarrak bidea erakutsi dio Unicajari, bere taldearen aurreneko 9 puntuetatik 7 saskiratuta.
Malagakoek hotz ekin diote partidari, baina minutuek aurrera egin ahala defentsa gogortu dute eta jaurtiketa libreen bitartez, desabantaila murriztu lehendabizi eta azkenik markagailua berdindu dute. Gal Mekel antolatzaile israeldarrak eta Bilbao Basketeko jokalari ohi Axel Bouteillek ere zerikusia izan dute atzetik aurrerako bide hortan, Malagakoen jokoa bizitu eta alaiagotu baitute. Azkenean, Alberto Diazen hiruko batek Unicajaren alde utzi du markagailua atsedenaldian: 36-39.
Unicajak markagailuan alde egiteko tentazioa izan du atsedenaldiaren ondoren, baina Joventutek ez dio laga, alde batetik Connor Morgan eta Prepelicen puntuei esker, eta bestetik, aspaldiko partez defentsa gogorra egin dutelako. Beren zorigaitzerako, Unicajak aurreneko erdian sartu ez dituen hirukoak orduan sartu ditu. Carlos Suarez, Brizuela eta Ejimen aldetik hirigarren laurdenean, eta Axel Bouteille izar dizdiratsuaren bitartez azkenengoan.
Andaluziarrek ez dute partida sekula ere hausterik izan, baina errebotean errege izan n dira neurketak aurrera egin ahala Carlos Suarez eta Ruben Guerreroren eskutik. alabaina, azken minutuetan Bouteillek bota duen ia guztia sartu du eta hegaleko frantsesa izan da partida Unicajaren alde erori izanaren gako nagusia.