Dabid Lazkanoiturburu

Europa-Txinaren arteko gailurra ez du begi onez ikusten Washingtonek

Europarrek eta txinatarrek koronabirusak atzera bota zuen gailurraren prestaketa lanak berreskuratu dituzte gaur bideokonferentzia bidez. Helburua Bruselaren eta Pekinen arteko ika-mikak leuntzea da, inbertsioak babesteko akordio batetik hasita. AEBek ez dituzte begi onez ikusi elkarrizketak.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea, agintari txinatarrak agurtzen. (Yves HERMAN/AFP)
Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea, agintari txinatarrak agurtzen. (Yves HERMAN/AFP)

Gaurko gailurra apirilaren 30ean ospatzekoa zen baina pandemiak atzeratu egin zuen. Bide batez, irailerako Leipzigen (Alemania) aurreikusita zegoen gailur presentziala ere bertan behera gelditu zen.

Aurrerago egingo den gailurra prestatzea da hain zuzen ere gaurko goi-bileraren helburua.  Horretarako bideokonferentzia egin dute, alde batetik Europako Kontseiluko eta Europako Batzordeko presidenteak, Charles Michel eta Ursula von der Leyen, eta bestetik, eta ordena honetan, Txinako lehen ministroa, Li Keqiang, eta presidentea, Xi Jinping.

Washingtonek ez du begi onez ikusten gailurra. «Txinako Alderdi Komunistak AEBen eta Txinaren artean hautua egitera behartuko dizute», ohartarazi dio Europako Batasunari Estatu Departamentuko ordezkaria den Mike Pompeok.

Aitizik, EBeko iturriek positibotzat jo dute Txinako bi arduradunekin hitzegitea. «Eta, gainera, bileraren garrantzia azpimarratzen du», gaineratu dute.

«Txinak berebiziko garrantzia ematen dio bilera honi eta EBrekin elkarlanean jarraitzeko prest dago emaitza positiboak lortzeko», azaldu du Kanpo Arazoetarako bozeramaleak, Zhao Lijianek.

Hala ere, aurreko egunetako prestaketa lanetan nabaria izan da bien arteko mesfidantza.

EBak Txinarekin duen harremanaren «konplexutasuna» onartzen du. Izan ere, bide batez partaide estrategikotzat (besteak beste, Txinan kanpoko inbertsorerik handiena dira europarrak) eta lehiakide sistemikotzat du, batez ere baloreen auzian.

Horrela bada, iaz bere egin zituen konpromisoak betetzeaz gain, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra eta munduko ekonomien artean garrantzitsuenetarikoa den heinean ardurak har ditzala exiitu dio Txinari Bruselak.  

Alde batetik, EBak enpresa europarrek txinatarren baldintza berdinetan lehiatu ahal izatea exijitzen dueta negoziatzen ari diren inbertsio akordioa «kanpoko konpainientzat zabalagoa eta irekiagoa izan behar duela» aldarrikatzen du.

Pandemiaren auzia

Bide batez, 5-G telekomunikazioen sarean segurtasuna exijitzen du Txinako enpresen aurrean eta koronabirusaren inguruan Txinan dauden eta arazoa izan ditzaketen enpresa europearrak irentsita amaituko dutenaren beldur da.

Pandemiarekin jarraituz, EBak desinformazioa eta gezurrak zabaltzea leporatzen dio Pekini eta «transparentzian» oinarritu behar den erantzun bateratua eskatu dio.

Txinaren aldetik fake-ak izango ziren, ziurrenik, baina salaketa horrek ezkutatzen duena zera da, EBaren izurritearekiko hasierako erantzun kaskarra.

Hala ere, ez dira hor agortzen europearren kezkak. Txinak Hong Kong-en aurrera daraman politika bateratzailea salatu zuen aurreko astean Europako Parlamentuak. Bide batez, hainbat giza eskubideen defendatzaile eta disidente askatzeko exijitzen dio Bruselak Pekini.

Josep Borrell EBeko diplomaziaren buruak kezka horiek guztiak helarazi zizkion ekainaren 15ean elkarrizketa batean Wang Yi homologo txinatarrari.

Eta Txinak, zer?

Pekin kezkatuta dago EBak kanpo inbertsioei buruz onartu berri duen legediarekin eta Bruselak agertzen dion aldearekin.

Txinak nahikoa du Trumpen AEBekin dituen liskar komertzial eta politikoekin eta kideak behar ditu.

Europearrek, ordea, ez dute inolaz ere nahi bi potentzien arteko lehian erdi erdian geratzea. «Europa ez da inoiz AEBen eta Txinaren arteko guda-zelai bihurtuko», ziurtatu du Thierry Breton Europako Batzordean Industria komisarioak.

Borrellen hitzetan, «AEBetako Adninistrazioarekin ditugun hikamikak direla ere, EBarentzat harremanik inportanteena Ozeano Atlantikoaz bestaldeko alantza da».
«Txinarekin harremana zaila da eta zaila izaten jarraituko du, eta konfidantzan, transparentzian eta elkarrekikotasunean oinarritu behar da», ohartarazi du politikari espainolak.

Zeharka bada ere, Txinak erantzun egin dio. «Kapitala oso sentibera eta aldakorra da. Eta haizea aldatzen bada, kapitalak oinekin bozkatuko du», azaldu du Pekinek Bruselan duen ordezkariak, Zang Mingek. Harrigarria ez bada paradoxikoa Alderdi Komunista batek agintzen duen erregimen bateko bozeramale baten ahotik entzunda.