Osasun neurriek ezugarritutako selektibitatea abian da Nafarroan
Nafarroa izan da selektibitate azterketak egiten diren Estatu espainoleko lehen puntua, eta osasun segurtasunerako neurri bereziak hartu dituzte ikasleek, irakasleek eta kazetariek, besteak beste. Ana Zabalza Nafarroako selektibitateko koordinatzaileak neurrien berri eman du, eta adierazi du «aldaketa garrantzitsuak» izan direla.
Nafarroako 3.815 ikaslek eman diote hasiera 2020ko selektibitatetari Iruñea eta Tuterako unibertsitate-campusetan eta Iruñerriko lau institututan (Basoko, Iturrama, Plaza de la Cruz eta Zizur). 2.817 ikaslek gaztelaniaz egingo dituzte azterketak, eta gainerako 998ek, euskaraz.
Deialdia 10:00etan hasi da, Gaztelania eta Literatura azterketarekin eta higiene eta segurtasun neurri handiekin. Horien artean, besteak beste, maskara eraman beharra, segurtasun-distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea, gutxienez gelatik sartzean eta irtetean.
«Ez dakit maskara azterketa osoan eraman behar dugun. Hala bada, agobiatu naitekeela uste dut», dio Nereak, Nutrizioa ikasi nahi duen ikasleak. Txandaka ere sartu dira NUPera, eta horrek urduritasuna sor dezakeela uste du; izan ere, «lehenengo sartzen garenok 45 minutu itxaron behar ditugu azterketa egin arte, eta uste dut itxaronaldia oso luzea egingo zaigula».
Hala ere, deialdia beste egun batez luzatu izana eskertu du, zehazki, ekainaren 26ra arte, horrek «denbora gehiago ematen baitizu errepasatzeko». Geletara soilik sartu ahal izan dira ikastetxeko administrazio eta zerbitzuetako pertsonak, aztertzaileak, ikasleak eta laguntza behar izan dezaketen ikasleen laguntzaileak; komunikabideek, berriz, kanpoan itxaron behar izan dute.
Azterketa amaitutakoan, irteera mailakatua izan da. Ikasle bakoitzak bere mahai gainean utzi du azterketa, eta banan-banan eta maskara jantzita atera dira gelatik. «Ez dut denborarik izan iritzi kritikoa egiteko eta galderak nahiko zailak ziren», komentatu du Gasteizen diseinu grafikoa ikasi nahi duen Urkok, «neurrietan arreta handirik» jarri ez duela gaineratuz «nahiko urduri» zegoelako.
Ikasleen sindikatuen haserrea
Selektibitate proba hasiko duten ikasleek honen kontrako propagandaz bete dituzte ikastetxe eta herriak azken egun hauetan. Gora Ikasleon Borrak dinamikak «bi urtetan ikasitakoa ebaluatzen duen azterketa eredu inposatua» salatzen zuten kartelak jarri dituzte.
Gainera, «salbuespen egoeran ere proba eta eduki guztiekin aurrera egingo» duten agintariak kritikatu dituzte eta probaren «lehiakortasuna, indibidualizazioa eta presioa» salatu dute.
Ikasle Abertzaleakek ere campus eta zentroetako sarreretan «Selektibitateari ez. Hezkuntzaren gaineko langile kontrola. Kalitatezkoa. Doakoa. Unibertsala» zioen pankarta jarri dute.
Unibertsitaterako sarbide proba «ezohikotasuna nagusi den unean» datorrela azpimarratu du IAk eta elkarretaratzeak antoaltu ditu Iturramako ikastetxearen aurrean eta NUPeko Sario eraikinean.
«Aldaketa garrantzitsuak»
Prentsaurreko birtualean, Ana Zabalza Nafarroako selektibitateko koordinatzaileak neurrien berri eman du, eta adierazi du «aldaketa garrantzitsuak» izan direla, baina ez da ausartu edizio honetan emaitza hobeak edo okerragoak aurreikustera; izan ere, zenbait aldagaik eragina izango dute, hala nola unibertsitatean sartzeko aurkeztutako ikasle kopuru handiagoak eta proposatutako azterketa-ereduan, egituran eta irizpideetan izandako aldaketak.
«Une honetan denak harritu gaitzake», esan du, baina gainditu dutenen ehunekoak bere horretan jarraitzea espero duela nabarmendu du, %97 ingurukoa, aurreko urteetakoa bezala, eta «nota onak izatea» ere espero duela azaldu du.
Azaldu duenez, ez da arazorik egon maskarak derrigorrezkoak izatearekin eta maskarak behar dituenaren eskura daudela erantsi du. Gainera, azpimarratu du ez dagoela aurreikusita «azterketen ondoren kontrolak egitea» koronabirusari dagokionez, eta «kasuren bat balego jarraipena egin beharko litzateke, eta hori inplizituki doa osasun mailako berragerraldien kontrolean».
Aurreko urteekin alderatuta, beste aldaketa batzuk ere izan dira: proben data atzeratu egin da, azterketak egiteko lekuak handitu egin dira –2 izatetik 7 izatera igaro dira–; izan ere, ikasleen arteko segurtasun-distantziari eusteak espazio gehiago hartzera behartzen du.
Hala ere, probak zuzentzeko 7 epaimahaiak bere horretan jarraitzen dute, horietako sei Iruñean eta bat Tuteran, eta 2 euskaraz eta 5 gaztelaniaz.
Egutegia
Azterketek arratsaldean jarraituko dute: Espainiako Historia proba, 15:00etan, eta Frantsesa eta Alemanekoa, 18:00etan. Bihar, ekainak 24, goizeko 10etan hasiko dira Ingeleseko azterketarekin eta arratsaldeko 15etan Euskara eta Literatura II (A eta D ereduak) probekin hasiko dira. 18:00etan, Filosofiaren Historiako probak izango dira.
Osteguneko probak 10:00etan hasiko dira ere, Matematika II, Latin II eta Arte Oinarriak II azterketekin. Arratsaldean, 15:00etan hasiko dira ariketak, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika eta Biologiarekin. 18:00etan, Marrazketa Teknikoa II, Enpresa Ekonomia eta Arte Eszenikoak probak izango dira.
Probak ostiralean, ekainak 26, amaituko dira, Fisika, Grekoa II eta Ikus-entzunezko Kultura II azterketekin. Azkenik, 15:00etan Kimika eta Artearen Historia probak izango dira eta 18:00etan Geologia, Geografia eta Diseinua.