Elgarrekin Urruña alderdiak eskaini duen agerraldian aditzera eman duenez, «lehen itzulian eskuratutako emaitzak historikoak izan ziren, ez soilik Urruñan, baita kostaldeko beste herri batzuetan ere, Biriatun edo Ziburun kasu, jendeak aldaketa bat eman behar dela iritzi baitio».
Aldaketa hori zein zentzutan eman behar den ere gero eta argiago dute herritarrek Philippe Aramendi zerrendaburuaren iritziz, «etorkizuna ziurtatzeko trantsizio ekologiko bat eman behar da maila sozialean, bestela hormaren kontra joko dugu». Bere esanetan, «osasun larrialdiak erakutsi digu trasntsizio ekologiko eta sozialean oinarritutako programa bat sekula baino beharrezkoagoa dela», eta arrazoi horri egotzi dio lehen itzulian Elgarrekin Urruñak eskuratu zituen emaitza onak.
Urruñan hiru zerrenda aurkeztu ziren lehen itzulian. Orain artean agintean izan den Francis Gavilan errepublikanoaren zerrendak 1.217 bozka jaso zituen, hau da, bozken %29,79. Ordea, bozka gehien Elgarrekin Urruñak eskuratu zituen, 1.668 bozka (%40,83), eta hirugarren zerrendak, Sebastian Etchebarne buru duen Urrugne Autrement alderdiakm 1.200 bozka bildu zituen (%29,37).
Aramendik argitu duenez, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko proposamena luzatu zioten Etchebarneri, baina honek ezezkoa eman zuen, ondorioz, ekainaren 28ko herri hauteskundeetan berriz ere lehen itzuliko hiru alderdiak aurkeztuko dira Urruñan, bakoitza bere aldetik.
Kanpaina gogorra
Kanpaina gogorra izaten ari da Urruñan, eta baita aldaketak sakonak eman daitezkeen gainontzeko herrietan ere. Azken legegintzaldian agintean izan den Francis Gavilan hautagaiaren Urruña Guztientzat alderdiak bozkak eskuratzeko «lege mailan dudazko jarrerak» izan dituela salatu ditu Aramendik. Izan ere, zaharren egoitzetan «ahalordeak egiteko zerbitzu proposamena eskaintzen aritu da adineko jende sentiberari, jakinez, hori egiteko prozedura zorrotz eta zehatza behar dela».
Kanpainan zehar Gavilan zerrendaburuak egin duen diskurtso aldaketa ere azaleratu du Urruña Elgarrekin zerrendako buruak. Lehen itzulirako «egiaz den bezala aurkeztu zen Gavilan, programa errepublikanoen kolore urdin ilunarekin, baina bigarren itzulirako diskurtsoa aldatu du eta orain guztiz berdea da. Berri ona zitekeen benetan etorkizuna berde kolorekoa dela sinetsiko balu, baina herritarrok badakigu bere egiazko izaera zein den, nahiz eta kameleoi bat bezala aldatu», hausnartu du Aramendik.
Hausteleen artean beldurra eta nahasmena eragiteko «duela 30 urteko diskurtsoa» berreskuratu duela ere ohartarazi du Aramendik. Bere esanetan, «ezkerreko abertzale erradikalak garela dio Gavilanek eta horrek min egiten du, zeren ez da egia».
Elgarrekin Urruñako zerrenda buruak ez du ezkutatzen bera abertzalea denik, baina oposizioarei egia ez esatea egozten dio: «Nik ez dut inoiz ezkutatu, ni abertzalea naiz, baina Elgarrekin Urruñako zerrenda oso jende anitzak osatzen du, denetarik dago, baina elkartu gara trantsizio ekologikoaren garrantzia ulertzen dugulako eta guztiok demokrazia partizipatiboaren printzipioa gure egiten dugulako».
Gauzak honela, igandera begira giroa bero-bero dago Urruñan, eta lehen itzulian osasun larrialdiaren ondorioz abstentzioak gora egin zuenez, bigarren itzulian zer gerta daitekeen inork ez dakiela onartzen dute hautagai guztiek. Edonola ere, auzapez izan edo ez, gainontzeko zerrendekin elkar lanean aritzeko prestutasuna erakutsi du Philippe Aramendik, Elgarrekin Urruña zerrendako buruak.