Asier AIESTARAN

Denbora beharko dute Urrutikoetxeak eta Irribarriak sendotasuna irabazteko

Artola eta Rezustaren aurka 14-22 galdu dute Bilbon, Caixabank Mastersaren lehen jardunaldiko hirugarren neurketan. Gorrien postu aldaketen ajeak nabaritu egin dira eta pilota gehitxo galdu dituzte azkenean.

Irribarriak ezkerkada bikainak jo ditu atzera baina pilota gehitxo galdu ere bai (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Irribarriak ezkerkada bikainak jo ditu atzera baina pilota gehitxo galdu ere bai (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Mikel Urrutikoetxeak zazpi hilabete zeramatzan aurrelari moduan partida ofizial bat jokatu gabe –Binakakoa atzelari bezala jokatu zuen–, eta Iker Irribarriak atzelari bezala hiruzpalau neurketa bakarrik zituen jokatuak bere ibilbide profesionalean. Postu aldaketa horien ajeak nabaritu egin dira gaur Bilbon eta 14-22 galdu dute Artola eta Rezustaren aurka.

Urrutikoetxeak sei pilota galdu ditu, erremate batzuk txapara joan zaizkiolako gainera, eta Irribarriari galdutako zortzi pilota apuntatu dizkiogu, bere kasuan ere horietatik batzuk gutxigatik gora edo zabalera ihes egin diotenak. Zentimetro horiek fintzen dituztenean bikote beldurgarria osatuko dute –Irribarriak berak, esaterako, bi tanto eder egin ditu atzera jotako bi pilotakada bikaini esker–, baina normala den moduan denbora beharko dute hori lortzeko.

«Ez dut uste desastre handirik egin dugunik, baina denbora beharko dugu», onartu du Iker Irribarriak berak ere partidaren amaieran. «Aurrean erosoago ibili naiz, atzetik gehiago kostatu zait, pilotari jartzea batez ere», gaineratu du lehen partidaren azterketa eginez.

Iñaki Artolak eta Beñat Rezustak, bestalde, oso norgehiagoka serioa jokatu dute. Bergarako atzelaria oso seguru aritu da neurketa osoan eta Alegiako aurrelariak ongi baliatu ditu bere aukerak, nahiz eta berak ere txapara pilota batzuk bidali dituen.

Artolak, gainera, berotzen ari zela aduktorean mina sentitu omen du eta aurreneko tantoak beldurrez jokatu dituela onartu du. «Sustoa izan da, susto handia. Ez zen zaintiratua izatera helduko, gero ez baitut halako minik izan, baina momentuan beldurtu egin naiz», aitortu du.

Urdinak, hasierako 1-0ekoa kenduta, aurretik joan dira partida guztian, eta 4-4ko berdinketatik aurrera, aldeak nahiko handiak izan dira. Handitzen joan dira partidak aurrera egin ahala gainera, eta amaierako zortzi tantoko aldea izan da dema guztiko handiena.

Partidak 55 minutu eskaseko iraupena izan du eta 469 pilotakada jo dira guztira.