Haritz LARRAÑAGA

Hautetsiek bake prozesua babestu dute espetxe aurrean

Lehengo zein legegintzaldi berriko hautetsiek konponbidearekin konpromiso irmoa dutela erakutsi zuten Mont de Marsango espetxe aitzinean. Bertan kartzelatu zuten Mikel Barriosi elkartasuna adierazi eta «prozesua impasse egoerara eramatea» ez dutela onartuko ohartarazi zuten.

Igandean egin ziren herri hauteskundeen ostean, pozarren ziren Ipar Euskal Herrian abertzaleak. Ziburun, Urruñan eta Itsasun, aspalditik amesten zituzten alkatetzak eskuratu zituzten, eta, Hendaian edo Senperen bezala, abertzaleek egindako aliantzak gailendu ziren herrietan ere pozik ziren. Egun historikoa izan zen, duela lau hamarkada abertzaleek udaletxe askotan ia ordezkaritzarik ez zutela kontuan hartuta.

Abertzaleek eskuratutako emaitzak testuinguru berezian iritsi dira; hain zuzen, bakearen artisauek «bake prozesua kinka larrian» dela ohartarazi duten unean. Horregatik, atzo Mikel Barriosek, Mont de Marsango presondegian espetxeratu zutenean, duela astebete izango zuena baino babes handiagoa jaso zuen; besteak beste, 2018ko urrian kontrol judizialpean kalera atera zenetik bizi izan den herriko, hots, Itsasuko, auzapez berriarena. «Itsasuko herriaren izenean Barriosi eta bere familiari gure babesa ematera etorri gara eta segituko dugu elkartasun osoa erakusten», esan zuen Mikel Hiribarren alkateak.

Bake Bidea elkarteak deituta Mont de Marsango espetxearen atarian bildu zirenen artean baziren hautetsi berriak, baina baita azken urteetako ildoari jarraituz, aurrerantzean ere «konponbidearekin konpromiso irmoa» izaten jarraituko dutela adierazi zuten ordezkari politikoak ere.

Besteen artean ziren Frederique Espagnac senatari sozialista, Alice Leiciagueçahar Akitania Berriko kontseilari ekologista eta Alain Hiriart Hiriburuko auzapeza. Han ziren, halaber, Patricia Perales eta Julen Arzuaga, Iruñeko eta Gasteizko EH Bilduko parlamentariak.

Baionako alkatetzari eutsi dion Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk ezin izan zuen azkenean Landetako espetxera hurbildu, baina Twitter bidez jakinarazi zuen «Mikel Barrios Mont de Marsanera lagundu duen delegazioari erabateko elkartasuna» helarazten ziola. Mezu berean, «Fiskaltzak bakeari bizkar» ematen diola salatu zuen Etchegarayk.

Fase berri bat abian

Espetxearen atarian bozgorailuak jarri eta mikrofono aurrean hitza hartuta igorri zuten mezua bakegile eta hautetsiek.

«Duela bi urte hemen bertan ginen Gobernu frantsesari bake prozesuan engaia zedin eskatzeko», ekarri zuen gogora Michel Berhocoirigoinek.

Lehen agerraldi hartatik egindako urratsez mintzatu zen bakearen artisaua, eta, horien ondorioz, Euskal Herritik 100 kilometrora dagoen Mont de Marsango espetxean «euskal preso gehiago» direla nabarmendu zuen. Aitzitik, «sekula gertatzen ez dena gertatzen zaigu gaur, pertsona bat lagundu behar dugu espetxera giltzapetua izan dadin; alderantziz beharko luke, bake prozesu baten logika presondegiak hustea baita, ez betetzea», salatu zuen Berhokoirigoinek.

«Egun tristea» zela onartu zuen bakegileen ordezkariak eta «Gobernuaren blokeo jarrera gainditzeko fase berri bat abian» dela azpimarratu zuen. Euskal delegazioak Frantziako Justizia ministroari igorritako mezuaren berri eman zuen Berhocoirigoinek: «Politika penala ministroak agintzen duenez, Fiskaltzari jakinarazi diezaiola hemen bake prozesua badela».

Aitzina jarraitu

Nicole Etchemendy-k, Itsasuko Herriari hautagaitzako ordezkariak, datozen egunetan udaletan karguak hartuko dituzten hautetsi berrien «determinazioa berretsi» zuen, eta espetxetik atera zenetik «gure herrian erabat integratua den Barriosen espetxeratzea ekidin zitekeela» azpimarratu zuen. Itsasuko ordezkariaren iritziz, «probokazio bat da, bakea eraikitzeko bidearen kontrakoa da».

Itsasuko herrian bizi izan den denboran Barriosek herritarrekin egin dituen harremanak goraipatu zituen Etchemendyk eta udalbatzaren izenean aditzera eman zuenez, «Itsasuko herritarren eta, batez ere, gazteen, haserrea ekarri dugu espetxe honetara».

Bake Bideko presidenteak, Anaiz Funosasek, ere hitza hartu zuen, «fiskaltzaren bitartez igortzen den mezua» ez dutela onartuko ohartarazteko. Atzoko giroa iluna izan arren, azken urteetan egindako ibilbidea eta emandako pausoak gomutatu zituen Funosasek eta etsitzeko inongo asmorik ez dutela iragarri zuen.

Euskal Herriko gizarte zibilak «armagabetzea lortu bazuen, oraingo egoera desblokeatzea ere lortuko du; herri honek aitzina jarraituko du», aldarrikatu zuen espetxe atarian Euskal Delegazioko kideak.

Mikel Hiribarren

 

«Gure herritarrari babesa ematera gatoz espetxera»

Itsasuko “Herriari” alderdi abertzaleak irabazi zituen bigarren itzuliko herri hauteskundeak joan den igandean. Ondorioz, lehen aldiz auzapez abertzale bat izango da Itsasun. Herri bozen biharamunean, oraindik ofizialki auzapez ez zen arren, Mont de Marsango espetxera hurbildu zen Hiribarren, «herritar bati nire sostengua helaraztera».

Mikel Barriosen egoeraren berri bazenuen?

Bai. Pasa den astean bildu ginen berarekin. Gure herriko gazte talde handi batek egunez egun eman dio sostengua azken urte honetan, eta oso integratua da herrian. Horregatik, beharrezkoa zen gazte guzti horien izenean eta herri osoaren izenean hemen izatea, Nafarroako mutil honi adierazteko gure elkartasun osoa.

Nafarra bai, baina itsasuarra ere bai, ezta?

Bistan da. Adibidez, azken hauteskundeetan bozkatu du, lehen itzulian, bai eta bigarrenean ere. Herritar gisa dagokion eginbeharra bete du horretan ere, eta herritar gisa, bere dosierra jarraituko dugu.

Aginteak erakutsi du neurri zorrotz eta traketsekin jarraitu nahi duela, eta hori ezin onetsizkoa da. Beraz, aurrerantzean herriko gazteek lagunduko diote eta guk ere Herriko Etxetik ahal dugun neurrian laguntzen jarraituko dugu. H.L.

filipe aramendi

 

«Gogoan dut Urruñako lehen hautetsi abertzale Daniele Albizu anderea»

Eskuinaren feudo izan den Urruñan Filipe Aramendi izanen da ondorengo auzapeza. «Lehen hautetsi abertzalea izan zen Daniele Albizu anderea izan nahi dut gogoan une honetan», aitortu dio GARAri.

Zerrenda ireki batean hautatua izan zara.

Gogoan ditut 1983az geroztik garai zailetan bidea ireki zuten abertzaleak. Orain, garai berriei eta herriaren bilakaerari erantzuteko zerrenda irekia eratu dugu, herriko hainbat elkarteri loturiko jendeaz. Horrek azaltzen du gure garaipena, baita herriak zuen aldaketa nahikeria ere.

Molde horrek emaitzak eman ditu Lapurdin.

Abertzaleok defendatzen ditugun egitasmoek sostengu zabala jaso dute. Gure programan trantsizio ekologikoa eta soziala azkartzeko beharra aipatzen genuen. Maleruski, pandemiak agerian utzi du hori dela bidea. Elkarlanak emaitza eman du Hego Lapurdin. Biriatu, Urruña Ziburu, Hendaia eta Senperen; era batean edo bestean gure zerrenda irekiak gobernuan daude eta elkarlanerako aukerak badira Saran eta Ainhoan ere. Euskal Elkargoan eragin azkarra izanen dugu.

Maite UBIRIA BEAUMONT