Ekainaren 29an komunikatu bat zabaldu zuten Beñat Etxebarriak eta Mikel San Josek sare sozialetan denboraldia amaitu arte Athleticen jarraituko zutela adierazteko, nahiz eta jakin sasoi amaieran ez dietela kontratua berrituko.
Egoera zaila izan da bi jokalarientzat, halaxe azaltzen zuten idatzi horretan, eta azalpenak ahalik eta zuzenenak izan zitezen euskaraz idaztea erabaki zuten. Bada, komunikatua kaleratu eta ondorengo orduetan, hainbat kritika eta irain jasan behar izan zituzten idatzia euskara hutsean idatzia zegoelako.
Egoera ikusita, Gu ere bai! ekimenak agerraldia deitu zuen gaur eguerdirako San Mames parean. Helburua simplea, kirolariek euskaraz adierazteko duten eskubidearen alde agertzea.
Deialdiari erantzunez, 40 bat lagun bildu dira estadio pareko zabalgunean ikurrinak eskuan eta "Kirolean ere euskaraz!", "Euskarari erasorik ez!" edo "Euskaraz bizi nahi dugu!" bezalako leloak erakutsiz.
Jon Maia bertsolariak ere parte hartu du ekitaldian, eta beste aurpegi ezagun batzuk ere egon dira, Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, edota Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, esaterako.
«Kirol mundua eta euskararen arteko lotura oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskara gure ikurra da. Euskarak egiten gaitu euskaldun, baina hizkuntzak egiten gaitu munduko ere. Zelaian erakutsi nahi dugu hori, kalean bizi nahi dugu euskaraz, entrenamenduetan erabili nahi dugu gure hizkuntza, eta hedabideetan hitz egiten dugu, eta sare sozialetan kontatzen dugu sentitzen duguna. Guk guztiok: kirolariok, kirolzaleok, entrenatzaileok, klubetako kideok, kirol froga ezberdinak antolatzen ditugunok…. mundu bat gara, eta euskaraz bizi nahi dugu. Kirola euskaraz bizi nahi dugu. Bizi dugu eta jarraituko dugu horretan», aldarrikatu dute Gaizka Garitanok eta Aritz Adurizek erakutsitako konpromisoa eskertuz.
«2020an, San Mamesen, Euskal Herrian, gure zelai eta kirol guneetan, aldageletan, frontoietan, mendietan, itsasoan…. Bai Euskarari adierazi nahi dugu. Bai, gure kirolarien hizkuntz eskubideei, bai adierazpenak euskaraz egiteari, bai euskaraz entrenatu eta jokatzeari, bai kirola euskalduntzeari, bai kirola ere euskaraz bizitzeari», gehitu dute ondoren, Bai Euskarari jaialdiek 1978an eta 1998an suposatu zutena gogoratuz.
«Eskerrik asko gaurkoan hemen batu zareten guztioi, eskerrik asko egun hauetan jokalariei sustengua, babesa, elkartasuna adierazten ari zareten guzti guztiei, sare sozialetan, hedabideetan, lagunarteko solasaldietan… gure hizkuntza bizirik mantentzeko, guk ere Beñat eta Mikelek bezala… burua eta bihotza baliatuko ditugu. Eta euskaraz arituko gara, gu ere bai!», eskertu dute azkenik.