NAIZ

Ordizian neurriak hartzeko exijitu dio EH Bilduk Lakuari, astelehenera itxaron gabe

Txagorritxuko erietxetik hasi zen pandemia zabaltzen Euskal Herrian duela lau hilabete baino gehixeago eta bertan agertu dira astearte honetan EH Bilduko hautagaiak, Osakidetzako langileen ahalegina eskertu eta Gobernuak eginiko murrizketak salatzeko. Eta kezka bizia agertu dute Ordizian gertatzen ari denaren aurrean: neurriak hartzeko exijitu du, «uztailaren 13ra itxaron gabe».

Ubera, Agirre y Blanco, ante Txagorritxu. (EH Bildu)
Ubera, Agirre y Blanco, ante Txagorritxu. (EH Bildu)

Gasteizko Txagorritxu erietxean izan da gaur Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburua, EH Bildu beste hautagai batzuekin batera, eta irudi batean laburbildu du Lakuako Gobernuak eginiko kudeaketa eskasa: «Euren buruan babesteko zabor-poltsak erabili behar izan zituzten osasun langileek».

Sendagile, erazain eta abarren esfortzuarekin alderatu du kudeaketa hori, murrizketak direla-eta bereziki «nekaturik eta estresatuta» egin behar izan diotelako aurre pandemiari. Honek guztiak «autokritika» esijitzen duela aurpegiratu dio Iñigo Urkullu EAJko hautagaiari, baina «ez dugu horrelakorik ikusi», gogoratu du. ETB-1ko eztabaidan gaia saihestu zuen Urkulluk, EH Bilduri «hildakoen jolasean ibiltzea» leporatuz.

Gaurko egoerari erreparatuta, Ordizia inguruan gertatzen ari denaren aurrean kezka agertu du Agirrek, eta mezu zuzena helarazi dio Urkulluri: «Osasun publikoari lehentasuna eman behar dio beste ezeren aurretik; hori lehenestea espero dugu, neurriak hartzeko uztailaren 13ra arte ez itxarotea espero dugu».

Agirrerekin batera Rebeka Ubera Gipuzkoa zerrendakide eta legebiltzarkidea egon da, Lakuako Gobernuak azken urteotan osasun publikoan eginiko murrizketak agerian jarriz. Urkulluk mahaigaineratzen dituen datu orokorren aurrean, hauxe nabarmendu du: «Osasun arloko inbertsio publikoa BPGren %5,12tik %4,78ra jeitsi da, eta horrek bistakoak diren ondorioz izan ditu».

«Urkullu-Mendia koalizioa» horretan jarraituko duela beldur da EH Bildu. Eta alternatiba plazaratu du, bere hauteskunde programan: 7.000 lanpostu egonkortzea, prekarietateari emaiera emateko, eta 300 profesional gehiago kontratatzea Lehen Arreta indartzeko, beste neurri batzuen artean.

Uberaren hitzetan, «arratsaldeko 8etako txaloak giza baliabide eta baliabide material bihurtu behar dira orain».