NAIZ

Hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 194 intzidentzia zenbatu zituen iaz Elebidek

Hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 194 intzidentzia jaso zituen iaz Elebide zerbitzuak, aurreko urtean baino 51 gutxiago. Kexa gehienak esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan ziren.

Donostiako ospitalean bertako langileek euskaraz egin dezaten aldarrikatzeko elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Donostiako ospitalean bertako langileek euskaraz egin dezaten aldarrikatzeko elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2019ko memoria aurkeztu du astearte honetan. Txostenaren datuen arabera, hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 194 intzidentzia zenbatu ziren iaz, aurreko urtean baino 51 gutxiago (2018an 245 izan ziren).

Intzidentzia horien artean, 168 kexak izan ziren, 16 ez ziren onartu, zortzi kontsulta egin ziren eta bi iradokizun jaso ziren. Helarazitako 168 kexetatik 164tan (%98), euskal hiztunek jasan zuten eskubide urraketa, eta lau kasutan bakarrik gaztelaniazkoek. Kexen %87 (146 kexa), esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan ziren, eta %13 (22 kexa), esparru pribatuan izandakoak.

Oro har, kexa horietako gehienak lau multzo nagusitan sailkatzen dira: ahozko harremanetan izaten direnak, idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak, hizkuntza paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak) eta Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak.

Ahozko harremanei dagokienez, 64 kexa jaso ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela. Idatzizko harremanei erreparatzen bazaie, 57 kexa jaso ziren, kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan. Era berean, bost kasutan salatu zuten hizkuntza eskubideak bietara urratu zirela, hau da, ahoz zein idatziz.

Hizkuntza paisaiarekin loturiko kexak 23 izan ziren. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelaniaz soilik jarritako kartelei, trafiko seinaleei eta kale zein laneko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat. Lau kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko harremanetan bai hizkuntza paisaian. Azkenik, Internet eta sare sozialetan gertaturiko arau urraketak 15 izan ziren, 2018an baino 21 gutxiago.

2019. urtean zehar Elebidera jo zuten herritarren %96k euskara erabili zuten zerbitzu honekin harremanetan jartzeko (186), eta beste %4k gaztelania (8).

Elebide zerbitzua 2007an jarri zen abian, eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza eskubideak babesten laguntzeko asmoz, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Iazko intzidentzia kopurua baxuena da zerbitzua sortu zenetik. Gainera, jaitsiera nabarmena izan da aurreko urteekin alderatuta, arduradunek nabarmendu dutenez.