NAIZ
MADRID

EPPKren ordezkaria izategatik epaitua izaten ari dela salatu du Marixol Iparragirrek

Marixol Iparragirreren aurkako epaiketa gaur hasi da Madrilen. Euskal errepresaliatuak salatu duenez, Estatu frantsesean preso zegoenean Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ordezkaria izateagatik epaitua izaten ari da Auzitegi Nazionalean.

Marixol Iparragirre, Auzitegi Nazionalean, bere aurkako lehen epaiketan. (Luca PIERGOVANNI/AFP)
Marixol Iparragirre, Auzitegi Nazionalean, bere aurkako lehen epaiketan. (Luca PIERGOVANNI/AFP)

Marixol Iparragirreren aurkako epaiketa gaur hasi da Auzitegi Nazional espainolean. Bertan salatu duenez, EPPKren ordezkaria izategatik abiatu du espainiar Estatuak bere aurkako prozesua. Izan ere, bakea lortzeko presoen egoera mahai gainean jarri behar dela babesten duten adituen bisitak jaso zituen frantziar Estatuan preso egon zen bitartean, justizia trantsizionala babesten zuten adituen bisitak. 

Iparragirre 1995eko auzi batengatik epaitua izaten ari da Madrilen. Berak nabarmendu du ez zuela parte hartu eta inolako zerikusirik izan ETAk Leonen Luciano Cortizo militarraren heriotza eragin zuen ekintza hartan, eta lekuko gisa deklaratu duten Ibon Etxezarreta eta Agustin Almaraz euskal presoek ere adierazi dute ez zutela harremanik izan berarekin. 2014ra arte ez zioten jakinarazi atentatu harengatik auzipetuta zegoela, Estatu frantsesean espetxeratu eta hamar urtera.

Eskoriatzarra iazko irailaren hasieran espainiaratu zuten frantziar agintariek eta Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren preso sartu zuten. Bere egoera salatzeko sortu zuten Marixol Askatu ekimena. Bertako kide eta Marixol Iparragirreren senide den Larraitz Iparragirrek «konponbiderako garaia» dela nabarmendu zuen NAIZ Irratian, «eta ez kartzelak betetzekoa».

Auzigaia ere zalantzan jarri dute herri ekimen honetatik: «Epaitzen dena da ‘Anboto’ sinadura duen idatzi bat dagoela, eta euren tesian ‘Anboto’ Marixol dela, beraz eskutitz horretan dagoena Marixolek berak diola esaten dute».

Senide horrek azaldu zuenez, Iparragirre ostegun gauean eraman zuten Soto del Realera eta «nahiko baldintza gogorretan» eduki dute. «Baldintza gogorretan egon da isolamenduan sartuta eta oso urduri zegoen prentsaurrekoa ematen ari ginen bitartean», ohartarazi zuen.

Aste honetan Madrilen epaitzen ari den auzia ez da bere aurka zabalik duen auzi bakarra. «Beste hamabi kausa dauzka garai hartakoak, eta poliki-poliki joango gara ikusten nola antolatzen diren auziak», adierazi zuen Larraitz Iparragirrek. Salatu zuen, gainera, gainerako kasuetan komisaldegian «torturapean» lortutako testigantzetan oinarritutako auziak direla.