Imane RACHIDI (Efe)
HAGA

«Bizitzeaz nekatuta» dauden adinekoentzako eutanasia, Herbehereetan aztergai

Hagako koalizio Gobernuko kide den D66 alderdi zentristak aurkeztutako lege-proiektu polemikoa esku artean dauka dagoeneko Herbehereetako Parlamentuak. Osasuntsu egon arren, nahikoa bizi izan direla uste duten 75 urtetik gorako pertsonek eutanasia eskatzeko eskubidea defendatzen du Pia Dijkstra diputatuak bultzatuako egitasmoak.

Lege-proiektua bultzatu duen Pia Dijkstra diputatua.  (Jeroen MOOIJMAN/D66)
Lege-proiektua bultzatu duen Pia Dijkstra diputatua. (Jeroen MOOIJMAN/D66)

D66 alderdiaren ekimen honek eztabaida handia eragin du egungo Gobernu koalizioaren baitan, batez ere alderdi kontserbadoreenengan (CDAko kristau-demokratak eta Batasun Kristaua) piztu duen alarmagatik. Izan ere, aukera hori legeztatzearen aurka daude, nahiz eta 55 urtetik gorako 10.000 herbeheretarrek interesa agertu zuten.

Egungo Exekutiboak eskatuta, ikerketa bat egin zen, 21.000 pertsonari galdetuta eta martxoan jakinarazi zituzten emaitzak. Hortik dator, zehazki, adin jakin batera iritsitakoan, zahartzaroaren ondorioei aurre egiteko unean egongo liratekeenean edo beren bizi-zikloa beteta ikusiko luketen unean, eutanasiarako legezko sarbidea izan nahiko luketen 10.000 pertsona horien zifra.

Azterketa horren emaitzak jasota aurkeztu dute Pia Dijkstra diputatu aurrerakoiak eginiko lege-proiektua. 2017an, Gobernuko kideek baldintza gisa jarri zuten ikerketa sozial bat egitea, halako lege bat beharrezkoa ote zen zehazteko, gaiari buruz berriro hitz egin aurretik.

Proiektuaren egileak azpimarratu duenez, «arazoa gero eta handiagoa da, aurrerapen medikoei esker bizitza biologikoaren eta bizitza biofrafikoaren arteko aldea handitzen ari delako». Hau da, 67 urterekin lan-sistematik kanpo geratzen da jendea, baina lehen baino gehiago bizi da, sarri jendartean parte hartu gabe eta bakardadearen edo adinaren ajeen bezalako kexekin.

Eutanasia horretara iritsi ahal izateko, pertsonak 75 urte izan beharko lituzke gutxienez, eta zenbait elkarrizketa egin beharko lituzke «kontseilari profesional» batekin. Bizitzako azken etapaz eta hiltzeko gogo horren atzean dauden arrazoiez mintzatuko lirateke, eta bizitzeko grin hori berreskuratzeko beste aukerarik ote legokeen ere aztertuko lukete.

Aditu horren zeregina, baina, ez litzateke izango eutanasiara jotzea posible litzatekeen edo ez ebaluatzea. Azken erabakiak gutxienez bi hilabeteko hausnarketa beharko luke eta, tartean, senideek, medikuak eta beste aditu batzuek parte hartuko lukete.

Oraindik ez dago argi proiektu honek gehiengo parlamentarioaren babesa lortuko duen edo ez, baina ematen du printzipioz Mark Rutte lehen ministroaren kide liberalen sostengua izango lukeela.

2016an gai hori legeztatzeko egin zen beste ahalegin batek PvdA alderdiko sozialdemokraten eta GroenLinks alderdiko berdeen babesa izan zuen.

KNMG Herebehereetako Medikuntza Elkartearen ustez, halako lege batek eutanaiaren egungo legedia arautzen duten baldintza zorrotzak ahuldu ditzake. Gainera, adierazi dute bakarrik dauden edo baliabide ekonomiko nahikorik ez duten adinekoei «laguntza» eman behar zaiela, eta ez «heriotza goiztiar bat hautatzeko aukera».